Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Eusko Ikaskuntza Iparraldek 25. urtemuga ospatuko du Baionan

Baionako Euskal Museoan ekitaldi berezia antolatu du Eusko Ikaskuntza Iparraldek biharko. Bi saio nagusi izango ditu egitarauak, Eusko Ikaskuntza Iparralderen historiaren berri emango duen hitzaldia batetik, eta joan den martxoan zendu zen lehendakari ohi Jean-Mixel Larrasquet-i egingo dioten omenaldia bestetik.

«Ikerkuntza eta eta kultura sustatzea» eta «Euskal Herriaren erronken eta beharren inguruko prospekzioa egitea» helburu duen Eusko Ikaskuntzak ehun urte betetzen ditu eta 18. kongresua egitekotan da datozen asteetan.

«Geroa Elkar-Ekin» kongresua Euskal Herriko bost hiriburutan egingo dituzten bost saiok osatuko dute eta ekitaldi bakoitzean proiektu bat jorratuko dute.

Eusko Ikaskuntza Iparraldeko lehendakari berriak, Eguzki Urteagak, atzo aditzera eman zuenez, kongresua Lapurdiko hiriburuan bertan abiatuko da urriaren 5ean, “Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea” goiburu izango duen ekitaldiarekin.