Azoka, herri-kirolak, bertsoak... Jaietan bete-betean sartu dira aretxabaletarrak
Sanmigelak jai kuttunak dituzte aretxabaletarrek. Atzo abiatu zituzten eta igandera arte jarraituko dute herri giroaz gozatzen. Gaur artisautza eta nekazaritza ekologikoaren azoka izango dute, baita bertako ganaduarena ere. Bihar, aldiz, herri-kirol erakustaldi zabala.

Ikurrina balkoi eta leihoetan jarri, baserritar jantzi eta, batez ere, ongi pasatzera gonbidatu ditu aretxabaletarrak Udalak. Gaur, San Migel eguna, artisautzaren eta nekazaritza ekologikoaren 24. feria zabalduko dute Durana kalean, eta bertako ganaduaren bosgarren feria, Arlutz kantxan. Biak 10.00etatik 14.00etara.
Azokako solas eta zalapartaren erdian, Lekaixoka bertso taldeak antolatuta, balkoitik balkoira kantuan arituko dira Jon Maia eta Sebastian Lizaso, Durana kalean bertan. Antolatzaileek Goienari kontatu diotenez, indar handiko megafonoak eskuratu dituzte eta entzutea espero dute. Proba bat izango da eta ongi ateratzen bada datorren urtean errepikatuko dute. Sasoi batean, beste hainbat herritan bezala, balkoitik balkoirako saioak egiten ziren Aretxabaletan, baina aspaldian ez, eta usadio hori berreskuratu nahi izan dute.
Talo txosna (Loramendiko Tril emakume taldeak antolatua), tonbola (Iristu gazte taldeak prestatua), trikitilariak, txalaparta eta joaldunak izango dira. Ondotik, herri bazkaria, bolo txapelketa eta Beinke-Loramendi dantza emanaldia.
Erakustaldi zabala
Bihar herri-kirol erakustaldi zabala izango da herriko plazan, 13.00etan hasita. Bi atal izango ditu: lehena erakustaldia eta bigarrena lehiaketa. Ernesto Ezpeleta Bihurri aritu da antolaketa lanetan eta, Goienari azaldu dionez, kirol honetako izen ezagunak eta promesa gazteak, biak bildu nahi izan ditu. Joseba Ostolaza eta bere 13 urteko alaba, Udane, harri jasotzen ibiliko dira, adibidez. Udane 20 kiloko harria jasotzeko gai da.
Erakustaldian, harri jasotzaileez gain, aizkolariek eta Iparraldeko jokoek izango dute lekua. Norgehiagokan, bi hirukoteren artean euskal pentatloia jokatuko dute. Aizkoran, harri jasotzen, trontzan, txinga eramaten eta korrika arituko dira.
Aretxabaleta Abesbatzaren habanera doinuek emango diete amaiera sanmigelei.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
