Gazteek diseinatu eta antolatu dute Oñatiko jaietako igandea
Musika izango da San Migel eguneko protagonista Oñatin. Goiz partea formalagoa izango da, musika bandaren kalejira eta kontzertuarekin; iluntzea, The Mani-Las eta Gatiburena izango da, eta txosnaguneko rock kontzertuena. Igandea, aldiz, gazteek diseinatu dute.

Txaranga, danborrada, disko-festa, karaokea, DJa... Indartsu hasi zituzten jaiak oñatiarrek atzo, hamaika musika estilo nahasiz. Aldarrikapena ere ez zuten ahantzi: Sarek Orain Presoak ekitaldi berezia antolatu zuen. Ospakizunez gozatzerik ez duten herriko presoak gogoan izan zituzten eta urriaren 20ko Donostiako manifestaziora deitu zuten.
Gaur, goizean goizetik, DJ Osakarekin prozesio gaupaseroa izango da, eta, serioago jarriz, txistulariak, abesbatza eta musika banda etorriko dira gero. Igandea, berriz, haur eta gazteen eguna da. Nerea Zubia Kultura zinegotziak agertu duenez, badira urte batzuk gazteek diseinatu eta antolatzen dutela. Besteak beste, bazkaria eta jolasak izango dituzte. Aurretik, berakatz-zopa lehiaketa egingo dute. Txapelketa gastronomikoak ohikoak dira hango eta hemengo jaietan, baina Oñatin aspaldi ez zuten egina, joan den urtean berreskuratu zuten arte. «Iaz probatu genuen eta oso harrera ona izan zuen. Aurten bigarren aldiz egingo dugu, indar handiagoarekin. Plaza nagusira ekarri dugu», azaldu du Zubiak.
Herriko nafarrentzat jotak ezinbestekoak dira eta eurek proposatuta ekitaldia izango da eguerdian. Arratsaldean, aldiz, mariatxien kontzertuaz gozatzen ahalko da.
Datorren asteburuan, gehiago
Egun batzuetan atseden hartu, eta heldu den ostiralean berriz ekingo diete jaiei. Bertso jaialdia izango da, Aitor Mendiluze, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Miren Artetxe eta Unai Iturriagarekin.
Larunbatean, Herri Egunean, euskal giroa izango da nagusi. Unibertsitate inguruan ganadua, fruta eta barazkiak jarriko dituzte erakusgai. Sagardoa eta taloa dastatzen ahalko dira, trikitixa giroan. Herri bazkaria eta bi erromeria izango dira, Gaitzerdi eta Gozategirekin. Eta Koban eta Trikimailuk girotuko dute txosnagunea. Abarkei hautsa kendu eta baserritar janzteko eguna izango da, jendetsua, kanpotik etortzeko ohitura baitago. Oñatiarrak egun osoan ibili ohi dira kalean, kuadrillan.
Errosarixo Eguna, Zubiak kontatu digunez, trantsizio eguna ere bada; bi jaiegun handiren artean, lasaixeagoa. Eguerdian, musika bandaren kalejira eta kontzertua izango dira gozagarri, eta arratsaldean, 36. San Migel Pilota Txapelketako Finala. Euskal Herriko kadete eta gazte mailako pilotari onenek jokatuko dute Zubikoa pilotalekuan, Aloña Mendi kirol elkarteko pilota sailak antolatuta.
Haur parkea ere zabalduko dute, eta musika, piroteknia eta argi ikuskizuna izango da udaletxeko fatxadan.
Bixamona, berezia
Biharamun gozoa izango dute oñatiarrek astelehenean. Munduan laneguna izanik, herritarrak ibili ohi dira kalean batez ere eta giro berezia sortzen da. Kuadrillen eguna izaten da. Mozorrotu eta asko karrozekin ateratzen dira. «Ez dago aparteko egitaraurik, baina kaleak oso girotuta egoten dira», dio Kultura zinegotziak.
Euskaraldiaren bazkari herrikoia antolatu dute txosnagunean. Oroitu behar da berriki ireki dela euskararen erabilera bultzatzeko ariketa sozial honetan izena emateko epea. “Ahobizi” edo “belarriprest”, bi rolen artean aukeratu behar dute animatzen direnek. Herriz herri ekintzak egiten ari dira bai ekimena ezagutarazteko bai jendea prestatzeko, ez baita erraza barne-barnean ditugun ohiturak aldatu eta hamaika egunez euskara lehenestea.
Errosarixo Bixamoneko beste ekitaldi aipagarri bat Di-Bertsioak izenekoa da. Txosnagunean egingo da, 18.30ean. Oñati oso herri musikaria da. Zubiak jakinarazi duenez, 30 talde inguru dabiltza plazetan gaur egun. Di-Bertsioak-en gehienek parte hartuko dute. Musikariak elkarren artean nahasiko dira, gainera, eta bertsioak joko dituzte.
Jaiotan adin tarte eta gustu guztiak asetzeko moduko eskaintza egiten saiatu da Oñatiko Udala, jendeak kalean sortzen duen giro ederrari egitarau zabal bat gehituz.
Antolatzaileek ohartarazi dute festak giro onean pasatzeko norbait gelditzen dela etxean besteen gozamenerako otordu goxoak prestatzeko, edo zikindutako arropa garbitu eta hurrengo egunerako txukun-txukun izateko. Honako mezua zabaldu nahi dute: «Pertsona hori ez dadila beti berdina izan. Normalean emakumea izaten da, eta adin tarte jakin batekoa. Horren kontziente izan behar dugu eta esfortzua egin lanak banatzeko».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
