Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Adabaki eskubidea

Adabakien aroa da hau. Urratua sakoneko zerk eragin duen galdetu eta azaleko adabakian nahi dute konponbidea aurkitu. Hor-konponbidea. Horra pentsioena! Gaurko gizarteek muinean bertan duten arazo estrukturalari bere horretan eutsi ez, eta azaleko itun baten bidez nahi dute kale-haserrea baretu, denbora baterako behintzat, pentsiodunen artean alzheimer programatua laster zabalduko delakoan. Ama, ama! Itunon letra txikerra etxe-mailegu baten azken orri-oinetakoa bezain ulertezina da…

Tira, harira! Bizkaian aldundiak adinekoen beharrei erantzuteko berrikuntzak garatu gurarik, Nagusi Intelligence Center ipiniko ei du abian, ohiko dituen bikaintasunez eta oihartzunez, of course! Bilbao Country. Amen. Hau kolpea gero! Nire nerabezaroko kantuetan, menditik bueltako domekako autobus haietan, “nagusia” enpresa jabea zen, langileak zapaltzen zituena; portzierto, garai hartan sindikatu nagusia ez zen orain bezain iraultzaile.

Baina tira, demontre Murgoitio, adinekoen harira! Nago ni Center horren lehenengo pazientea, eurek «bezero» esango dute seguruenik, Gernikako Estatutua bera izango dela. Hura biziberritzeko aparteko terapietan ibiliko dira, I+G+B zer horretan inbertsioak eginez. Eta? Aspaldian dago hilda, eskela eta guzti; ez da planetako inon horren entzefalograma baino lauagoa den lurrik, horren hutsuneak baino gehiago dituen koba-sistemarik. Urrutiko zaharkitze programatuaren aurrean trenbide-zatiren baten oxigenoak ez du gorpurik ibilian jarriko. Hortaz, bada abiadura handiagoan egin beharrekoa, zubibideetan dirua xahutu baino.

Arraroa egin zait Jaurlaritzaren azken adikzio-inkestan estatutu horren kontsumoaz galdetu ez izana, alkohol eta tabakoaren gainetik egon baitaiteke, batzokien patioetan sikiera. Tira, gaur argituko omen dute hori, eta beste adabaki guztiak ere bai, Forondako zelaietan. Amen.