GARA
BILBO

Uriarte eta Celaa, Lomceren «kalteei» aurre egiteko prest

Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuak eta Isabel Celaa Madrilgo Hezkuntza ministroak elkarlanean aritzea adostu dute, PPren Gobernuak euskal bekei jarritako helegiteak konpontzeko, besteak beste.

Elkarlanerako prest agertu ziren atzoko bileran Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburua eta Isabel Celaa Madrilgo Hezkuntza ministroa. Besteak beste, Lomceren «alderdirik kaltegarrienak ezabatzeko» eta aurreko PPren Gobernuak hezkuntzako euskal bekei jarritako helegiteak konpontzeko konpromisoa hartu zuten.

Hala adierazi zuen Uriartek Madrilen Celaarekin elkartu ondotik. Azaldu zuenez, bi gobernuei interesatzen zitzaien kezkatzen dituen gaiei heltzeko bilera hori egitea. Ordu eta erdiz aritu ziren solasean bi ordezkariak eta «fruituak» eman zituen elkarrizketak, Efe eta Europa Press agentziek jaso zutenez.

Hainbat gairen inguruan elkarrekin lan egiteko gertu azaldu ziren bi aldeak. Adibidez, Lomceren «alderdirik kaltegarrienak ezabatzeko» beharra ikusten dute eta ados daude bide horretan eskuz esku aritzeko. «Urteak dira kezkatuta gaudela ea nola egiten ahal dugun lan elkarrekin eta norabide horretan pausoak ematen ahal ditugun. Oso jarrera ona ikusi dugu Hezkuntza ministroaren aldetik lan hori batera egiteko», azpimarratu zuen Hezkuntza sailburuak.

Erantsi zuenez, beken gaiaz ere mintzatu ziren. «Izugarri arduratzen gaitu, 30 urteren ondotik, aurreko Gobernuak helegitea jarri baitzien gure bekei, bai unibertsitatekoei eta bai unibertsitatez kanpokoei». Uriarteren ustez, konponbidea eman behar zaio horri eta «benetan errespetatu» behar ditu Madrilek EAEren eskumenak.

Lanbide Heziketa

Bileran Lanbide Heziketaren gainean ere hitz egin zuten Isabel Celaak eta Cristina Uriartek, azken honen hitzetan, Gobernu espainiarra jakitun baita EAE «erreferentzia» dela arlo horretan. «Interesa dute eurekin lan egin eta kolaboratu dezagun, egin ditzaketen proposamenetan aurrera egiteko», azaldu zuen. Madrilek Lanbide Heziketako estatu lege berri bat egingo duela iragarri du dagoeneko.

Bi politikariek gai gehiago ere jorratu zituzten; esate baterako, langileriarekin lotutako politikaren ingurukoak edo ikasleriaren ebaluazioarekin harremana dutenak.