2018/10/05

Kronika
EUSKALTZAINDIAREN XVII. BILTZARRA
Euskara batuaren 50 urteei so, aurrera begira jartzeko

Euskara batuaren zimenduak jarri zireneko 50. urteurrenean bueltatu da Euskaltzaindia Arantzazura; bere mendeurrenean, sortu zen Oñatira. Euskararen eta Akademiaren iragana irakasgai hartuta, oraina lanabes egin nahi du bere XVII. Biltzarrean, hil ala bizikoak diren etorkizuneko ardatzak finkatzeko.

Mikel ZUBIMENDI
1005_kul_euskara

ESTANDARIZAZIOAK


Katalanetik ikasteko «Pompeu Fabraren lan kodifikatzailea: iragana, oraina eta etorkizuna» txostena aurkeztu zen; «Estandarizaziorako bide malkartsua», galizieratik, eta frisieratik, «Estandarizazioa: haize bufada hilgarria edo segurtasun buia?» txostena.

Arantzazuko energia bereziak are bereziago zirudien. Eta euskara batua sortu zen garaiko etorkizunak, egungo iragana

Den-dena beharko baitu euskarak, baita Arantzazuko amabirjinaren eta Oteizaren apostoluen esku-kolpea ere

KOLDO ELIZALDE


Txillardegi eta Mitxelena jotzen dira euskara batuaren arkitektotzat. Mikel Zalbide euskaltzain osoaren iritziz, baina, Koldo Elizalde izan zen gakoa. Haren «Metodologia para la restauración del euskera» liburuan Baionako eta Arantzazuko erabaki asko daude jasoak.

«Ez gara arauzale fanatikoak, baina, nahita ala nahi gabe, denok gara garbizale»

Euskaltzaindiaren sorreraren mendeurrenean, sorlekura bueltatu da euskararen akademia, Oñatira. Euskara batuaren oinarriak finkatu eta sortu ziren tokira, euskarari indar eta arnasa berri handiena eman zion urrats sendoena egin zen lekura, hots, Arantzazura bueltatu da Euskaltzaindia 50 urteren buruan, euskaltzaletasunaren habia eta itsasargia, frankismoaren gau luzeko babesleku eta gotorlekura.

Euskararentzat eta espirituarentzat bezala, arterako eta kulturarako txoko paregabea da Arantzazu. Kuttuna, enblematikoa, besteak ez bezalakoa. Eta atzo, okasio handietarako bezala jantzi zen, goiz eder paregabean, emeki-emeki behe lainoa eraman zuen eguerdiko eguzki handi baten pean, euskararen munduko ordezkari eta eragile ugariren presentzia argitzeko.

Nor bere ukituarekin, nor bere tokikoa, eta era berean, denak euskara batuaren oinarri eta arauez mintzo ziren bertan. Familia eta sigla politiko ezberdinetako ordezkariak zeuden ahaidetasun kode bat igorriz, euskaltzainak eta Euskaltzaindiko langileak, kazetari mordoxka… Giroa kutsakorra zen; Arantzazuko energia bereziak are bereziagoa zirudien: ospakizuna airean, omenaldiak eta esker ona hitzetan, 1968an kokatu ziren zimendu haiek jarri zituzten bidegileentzat, eta, batez ere, desafioak ate-joka entzun zitezkeen, euskararen biziberritzea bidegurutzean dagoen ustea aski zabaldua zen bertaratuen artean. Euskara batua sortu zen garaiko etorkizun hura egungo iragana delako.

Gandiaga Topagunean ireki zen Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra, Arantzazun bere obra eta grazia utzi zuen Oteiza artista handiaren izena duen aretoan. Azken 50 urte hauei so egin eta aurrera begira jartzeko helburua zuen saioari agintarien hitzekin eman zioten hasiera. Gipuzkoako Foru Aldundiko buru Markel Olanoren, Lakuako Bingen Zupiriaren, Oñatiko alkate Mikel Biainen eta Laboral Kutxako buru Xabier Egibarren hitzak aditu ziren, baita Arantzazuko fraide frantziskotarren izenean Paulo Agirrebaltzategirenak ere.

Iragana irakasgai

Euskaltzaindiak 100 urte eta euskara batuak 50 betetzen dituen honetan, oro har, nahiko deskriptiboak izan ziren Biltzarreko mintzaldiak, bai agintarienak bai ondoren mintzatu ziren euskaltzainenak ere. «Honaino iritsi gara»; ideia hori nabarmendu zen, horren garrantzia nabarmenduz, ez dela gutxi, ez zela goiz etorri eta ez dadila beranduegi izan, baina faltan igarri zen, nolabait esatearren «hemen gaude eta hau da egoera» zintzo bat, piztu beharreko argi gorriak piztea, erronka berriak zehaztea.

Iraganari begiratu zioten irakaspen bila. Orduko giroa erabat ezberdina zela aipatu zen, salbuespen egoeran, askatasun demokratikorik gabe zegoela gure herria, eta euskara, ahul eta makal, inolako babes eta laguntzarik gabe. Orduan baserri eta arrantzale munduari lotua zegoela, jende arlote, pobre eta modernitatetik kanpoko kolektibo batekoa zen ustea zabaldua zegoela eta egun hirietakoa, hainbat esparrutan ofiziala, dela eta hainbat kasutan eragile eta eraginkor dela. Baina orainean jarduteko lanabesak eta etorkizuna irabazteko ardatzak ez ziren ikusgarri egin atzokoan.

Euskara batzearen aldeko bultzada ez da 50 urteko kontua, baina. Gerraurrean saiatu eta gerraostean gauzatu zen. Beraz, askoz atzeragotik datorren ahalegina da, ez dago esaterik momentu (1968an) eta leku zehatz batean (Arantzazun) sortu zela.

Baina duela 50 urteko Arantzazuko Biltzar hartan bazen kezka komun bat: euskara biziko bazen zerbait egin beharra zegoela, ezingo zela bestela esperantzarik izan. Esan bezala, faltan igarri ziren atzokoan halako kezkak, deskripziotik eta autokonplazentziatik harago, egoera bere gordinean zein den aitortzea eta aurrera begirako euskararen pizkunde berri baterako urratu behar diren bideak, gainditu behar diren mugak, zeintzuk diren zehaztea.

Nahitaezko ardatzak

50 urteren ostean, XXI. mendeko euskararen gobernantza orokorrari dagokionez, entzun ahal izan ziren ideien artean azpimarratzekoak dira euskararen normatibizazio eta normalizazioa, biak bat, eskutik helduta doazela eta joan behar direla. Egunero lan egitea eskatzen duela, gizarteak eta euskalgintzak esaten duenari adi egotea eta horien eskakizunei ahalik eta erantzun egokiena ematea. Euskaltzaindia etorkizunak kezkatzen duela esan zuen bere lehendakari Andres Urrutiak, guztien hausnarketak entzun nahi dituela, guztion artean egiten delako euskara batua, funtsean euskara batzea horixe baita: euskaraz gehiago eta errazago hitz egiteko egiten den saioa.

Hartara, herri guztiak parte hartu behar duela esan zen, lankidetza bultzatu eta borondateak batu behar direla, baina hori bai, arauak, arau normatiboak ematea Euskaltzaindiari dagokiola azpimarratu zen, autoritate hori aitortu eta onartu beharra dagoela. Ironikoki, kexa kutsuz, euskararen akademiako bizpahiru ordezkarik errepikatu zituzten honako ideia hauek ere: «Gu ez gara arauen fanatikoak. Ez gara arau-emaile integristak», «guztiok gara nahita ala nahi gabe garbizale». Egiari egia zor, ordea, agian goizean akademiaren batzorde zientifikoetako buruak mintzatu zirelako, estereotipo horiek indartzeko motiboak eman ziren.

Goizeko saioa amaituta, familia giroan mokadua egin zuten biltzarkideek, indarrak berrituta, beste hizkuntza batzuen estandarizazio prozesuetatik ikasteko aukera zain zutela.

Euskararen munduarekin gogoeta ondo egin beharko du Euskaltzaindiak, datozen urteotan zer egin behar den hobeto zehazteko, nahitaezko ardatzak finkatzeko. Hainbeste aldatu den eta hain aldakorra den euskal gizartean euskarak nola irabaziko dituen esparru eta apustu berriak argi adierazteko, jendearentzat ulerterraz eta eskuragarri. Dena beharko baita zeregin horretarako, baita Arantzazuko amabirjinaren eta Oteizaren apostoluen esku-kolpea ere.