Ikasle Abertzaleak eta Ernairen arteko «aliantza bertan behera» gelditu da
Ernaiko dozenaka kide bildu dira Donostiako Ibaetako Campusean, honako albistea emateko: «bertan behera» gelditu da Ikasle Abertzaleak antolakundearekin urte luzez garatutako aliantza estrategikoa.

2013an Ernai gazte antolakundea sortu zutenean hezkuntzarekin lotutako erabaki estrategikoak hartu zituzten garaiko Ikasle Abertzaleakekin batera, «25 urtez ikasle eremuan antolatzen ari zen mugimenduari zilegitasun eta konfiantza guztia eskainita». Gaur egun, ordea, «zeharo aldendu da antolakunde bakoitzaren ikuskera eta praktika politikoa». Horregatik, «hilabeteak dira jada Ikasle Abertzaleak eta gazte antolakundeak urte luzez garatutako aliantza estrategikoa bertan behera gelditu zela».
Hala azaldu zuten berria Ernaiko kideek atzo arratsaldean, EHUren Donostiako Ibaetako Campusean egindako agerraldian. Dozenaka lagun elkartu ziren «hezkuntza problematikaz eta ikasle borrokaz ahots propioz hitz egiteko beharra» sentitzen dutela adierazteko.
Aurrerantzean, ahots propioz
Ikasle Abertzaleekin aliantza «mantentzeko baldintzak sustengatzen zituzten adostasunak hautsi» egin dira eta jada ez dute euren «erronkei heltzeko asmorik duen ikasle mugimendurik» aurkitzen. Hortaz, Ernai hezkuntza problematikaz eta ikasle borrokaz ahots propioz mintzatuko da aurrerantzean. Eztizen Artola eta Lur Albizu bozeramaileek agertu zutenez, ikasle borroka hezigunez hezigune garatu behar dela ulertzen dute, tokian tokiko borroketatik egunerokotasuna iraultzeko anbizioarekin. «Euskal Herrian, hamaika egitasmo dira horren adibide, hezkuntza esparruan ere bai. Horiekin guztiekin batera egin nahi dugu bidea». Hezkuntza sistema propio eta burujabearen aldeko olatua hezkuntza komunitate osoarekin elkarlanean egin behar dela uste dute.
Hezkuntza ereduaren inguruko eztabaida bizi-bizi dagoela ikusten dute: «Hezkidetzatik hasi eta euskalduntzera, klase edota arraza segregaziotik ikasleok subjektu bezala aitortzen gaituen hezkuntza sistemara». Eztabaida horiek guztiek lehen pertsonan eragiten diete Ernaiko gazteei. «Guk geuk izan behar dugu Euskal Herri sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko borrokatzen dugunak», azpimarratu zuten.
«Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio eta burujabetzaren eraikuntzan antolatu, dinamikak planteatu eta hausnartzeko konpromisoa» erakutsi zuten.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
