Nagore Belastegi
Kazetaria
IKUSMIRA

Denok izan gara gazte

Egungo gazteak tontotuta daudela aipatzen genuen igandean, Kilometroetan, 14.00etarako gaztetxo pila bat tente ezin mantendurik ikusi genituenean. Gu jada gazteak izango ez bagina bezala eta garai horiek pasatu izan ez bagenitu bezala. Zumarragarako bidean, autobusean, neskatxa kuadrilla baten erdian eseri behar izan genuen. Denak mugikorrarekin zebiltzan, selfieak egiten, elkarri erakusten, eta euren adineko mutilak busean sartzean garrasika. Gu isilik, panoramari begira. Irribarre batek ihes egin zidan, bizitza erdia baino gehiago pasatu delako ni euren postuan nengoenetik baina, hala ere, gertu sentitzen ditudalako urte haiek. Hormonak dantzan, barre kontrolaezinak, arrazoirik gabeko lotsak, heldu izatearen sentsazioa.

Gutako batek zioen haien mobil puskak ez genituela guk, egungo gaztetxoak gu baino hobeto biziko balira bezala. Baina guk ez genuen halakorik, existitzen ez zirelako. Nik 14 urterekin izan nuen lehen sakelako telefonoa, SMSak bidaltzeko eta «tokeak» emateko erabiltzen nuena. Zuri-beltzeko pantaila, gomazko botoiak eta antena zituen harri puska batek baino gehiago pisatzen zuen tramankulu hark, baina puntako teknologia zen orduan eta kuadrillako guztiok genuen bat.

Kilometroetako Santa Barbarako gunean, gazteei eskainitakoan, tarta jaten ari ginela, ondoan erabat mozkortuta zeuden neska batzuk eseri ziren. Guk ere noizbait kalimotxoa nahiago izan genuen txokolatea baino. Eman diezaiegun gazteei aukera bat euren kabuz eskarmentatzeko eta heltzeko. Ez dira gu baino inozoagoak; oraindik gauza asko ikasi behar dituzte, besterik ez.