Alazne Basañez
Kazetaria
IKUSMIRA

Iseka eta egintza definitzaileak

Mundu global honetan albisteak, herri txikietan gertatzen den gisan, berehala zabaltzen dira punta batetik bestera. Eta han gertatzen dena edota joera markatzen duena hemen ere ohiko bilakatzen da berehala. Eta han Ameriketako Estatu Batuak direnean, bozgorailu bereziz, ziztu bizian zabaltzen dira berriak munduan zehar. Egunotan #MeToo mugimenduaren lehenengo urteurrena bete da, luzaro isilean mantendutako gizon boteretsuek egindako erasoak, gehiegikeria sexualak, azalarazi dituena. Eztabaida sutsua piztu du han eta hemen, eta batzuek trufa egin nahi izan dute, animalien pareko portaera agerian uzten duten txisteak eginez.

Horren adibide da Donald Trump presidente estatubatuarra. Auzitegi Gorenean, Ameriketako Estatu Batuetako erakunde judizial garrantzitsuenean gehiengo kontserbadorea bermatzeko Brett Kavanaugh epailearen hautagaitza proposatu zuen Trumpek. Larunbatean bizi osorako kargua lortu zuen epaileari sexu-erasotzailea izatea leporatu diote hiru emakumek. Eta emakume horiei iseka egin zien Trumpek.

Eta hemen, Euskal Herrian, bestelakoa da dakardan adibidea. Sexu indarkeriaren aurkako ekimenean erreferente bilakatu da Iruñea eta orain beste pausu bat emango du: datorren astean 300 profesional batuko dira bertan Udalak antolatutako nazioarteko mintegian. Mundu osoko egoera aztertuko dute esparru zabal eta ezberdinetako aditu eta profesionalek, indarkeria sexistari bidea ixteko asmoz.

Batzuek iseka, beste batzuek egintzak; bata eta bestea, definitzaileak dira.