Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Kirrinka

Aspalditik nuen jakin-mina Mikelek ase zidan. Amarako Topoaren geltokian, trenak sartzear direla, burdinbideko errebueltan euri fin bat martxan jarri eta burdina bustitzen du. Zergatik demontre egingo ote duten hori galdetzen nion neure buruari, hamaika teoria ezberdin imajinatuz. Mikeli, Topoko langilea izanik, bizitzen uzten ez zidan kaska-jate horren arrazoia galdetu nion. «Trenaren gurpilek kirrinka egin ez dezaten», erantzun zidan; ondoren, zarata hori egitearen arrazoi teknikoa argituz.  Zarata gogaikarria da hori, eta ohartu ziren euria egiten zuenean, burdinbidea bustitzen zelarik, gurpilak mutu gelditzen zirela. Ze sinpleak diren gauzak batzuetan.

Kontaketaren bat prestatzerakoan kirrinka zarata agertu ohi da maiz. Nora heldu ezin asmatu eta errebueltaz betetzen da bidea, herdoilaren gainean ibiliz. Tren zaharren moduan, alde batetik besterako kulunka desorekatzailean bidaiatuz. Eta kirrinka zakar etengabe horrekin, errebuelta amaigabean sartuta. Hamaika irtenbide bilatuko duzu, gero eta absurdoagoak eta korapilatsuagoak. Burua erabat aldrebestuta duzularik, erabaki duzu atseden hartzea. Kafetxo bat egin eta balkoira irten zara, begirada galduarekin munduari so. Zirimiri fin bat ari du. Lasaia. Geldoa. Mundua blaitzen ari da. Kafea bere azkenera ekartzen duzularik, zerbait argitu da buruan; sinapsi ezkutu bat berpiztu dela dirudi, neurona alfer batzuk mugiaraziz. Eta bidea argitu zaizu. Hain zen erraza irtenbidea, nola ez zenuen ikusi? Kirrinka latz hori desagertu da.