Imanol CARRILLO
PILOTA

Mamuak uxatuz eta izutuz

Altuna III.ak, ezker besoan inolako minik sentitu gabe, ez zion Olaizolari bere jokoa egiten utzi eta ligaxkako lehen puntua lortu zuen.

ALTUNA III.A 22

OLAIZOLA II.A 12


«Astelehena, jai ondoko alperra, lanik ez egiteko, ez goaz lanera, ez goaz lanera», dio euskal abesti herrikoi eta haur-kantak. Tolosako Beotibar pilotalekuak inork baino hobeto daki zer den astelehenetan pilota partidak hartzea, batzuetan ikusle askorekin eta beste batzuetan ez horrenbesterekin. Baina atzokoan pilotazaleek ez zuten hutsik egin. Eta Jokin Altunak eta Aimar Olaizolak lanerako prest zeudela erakutsi zuten. Bi pilotari handi hauek ikusmina sortu zuten euren arteko neurketarekin, batez ere Amezketako aurrelariak ezker besoan izandako mina nola jasango zuen egiaztatzeko.

Eta iazko Lau eta Erdiko txapeldunak ez zien hutsik egin. Bera ere, partida amaitutakoan telebista kameren aurrean aitortu zuenez, nahiko harrituta geratu zen besoak emandako mailarekin. Hori bai, gorputza kargatuta amaitu zuen norgehiagoka, baina garrantzitsuena dena, ez zuen inolako minik nabaritu.

Altuna eta Olaizolaren kalitatea ezagututa, gogortasuna izan zen lehiaren bereizgarri, eta ez hainbeste kalitatea. Guztira 216 pilotakada eman zituzten bien artean eta seina hutsegiterekin amaitu zuten norgehiagoka, nahiko arraroa bi pilotari hauentzat.

Goizuetarraren hitzetan, txapelketa bateko lehen partida beti izaten da zaila, eta biei kostatu zitzaien tokia hartzea; Aimarri gehiago. Ezin izan zuen aurkaria jokoan gainditu. Egia da nafarrak 14-11ra gerturatzea lortu zuela Altuna ezkerparetan zigortuz, baina hurrengo tantoa oso gogorra izan zen. Amezketarrak oso ondo mugiarazi zuen Olaizola alde batetik bestera eta txokoan utzitako dejada batekin amaitu zuen jokaldia.

Nahiz eta Altunak 17-12koan huts galanta egin, gipuzkoarrak ondo lotu zuen garaipena bere errepertorioa eskainiz; azken tantoa aipatzekoa, sake-errematez egindako ezker gantxo ikusgarri batekin partida amaituz.

Interesa eta morboa 2. jardunaldian

Beotibarreko partidak Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldiari eman zion amaiera, eta bigarreneko lehiak argitu zituen. Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak partida aski erakargarria eskainiko dute igandean Donostiako Atano III.ean. Sakanako aurrelariak aise gailendu zitzaion Victorri (22-5) eta oso gertutik jarraitu beharreko pilotaria da. Aipatu behar den beste neurketa interesgarria Balmasedan Urrutikoetxeak eta Elezkano II.ak jokatuko dutena da. Zaratamoko bi pilotariek etxetik gertu jokatuko dute ostiralean 2. jardunaldiari hasiera emateko.

Promozioko txapelketa ere aurrera doa, eta atzo Peio Etxeberriak ez zuen arazorik izan Dariori irabazteko (5-22). Finalerdietan Bakaikoa izango du aurkari (larunbatean Labriten). Bien bitartean, Peña II.a eta Dario igandean neurtuko dira Donostian.I. C.