GARA
DONOSTIA

Oñatiko eta Irungo harrera etxeetan ehun etorkin inguru hartu dituzte

Azken egunetan iritsitako ehun bat etorkin Irungo Martindozenea aterpetxean eta Oñatiko harrera etxe berrian hartu dituzte. Bitartean, Bilboko harrera auzoek Udalaren inplikazio falta salatu dute.

Igande iluntzean iritsi zen Irunera Gurutze Gorriak kudeatutako autobus bat Cadizetik etorritako 69 etorkinekin, gehienak Afrika erdialdeko herrialdeetatik iritsitako gizonak. Martindozenea aterpetxean hartu dute ostatu, nahiz eta berez 60 lagun hartzeko prestatua dagoen Gurutze Gorriak daraman gunea. Gehienez bost gau egin ahal izango dituzte bertan.

Beste 28 lagunek, bestalde, Urdanibia plazan dagoen aterpetxean pasatu zuten igande gaua. Irungo Udalak jarri zuen erabilgarri gune hau aurreko astean, Martindozenea zentroan onartuak izateko baldintzak betetzen ez dituzten etorkinei harrera egin ahal izateko.

Aurretik Lakaxita gaztetxean eskaintzen zitzaien harrera, baina joan den astean neguari begira beharrezko baldintzak betetzen ez zituztela ikusita bertan behera uztea erabaki zuten berau kudeatzen zuten herritarrek. Arazoa ikusgai egiteko asmoz, harrera sarea osatzen duten herritarrek eta etorkinek udaletxe aurrean kanpin dendak jarri zituzten, erakundeen aldetik jasotzen duten arreta falta salatuz.

Bestalde, CEAR Euskadik eta Lakuako Gobernuak Oñatin kudeatzen duten harrera etxe berrira 37 gizon heldu ziren igandean, gehienak Mali, Ginea, Kamerun eta Boli Kostatik iritsiak. Asilo eskaera egin dute guztiek eta Bilbon egun ugari zeramatzaten zain. Patricia Barcena CEAR Euskadiko zuzendariak azaldu zuenez, euren eskaerek aurrera egin bitartean Oñatin bi edo hiru hilabete eman ahal izango dituzte. Ondoren, espainiar Estatuko harrera sistemaren baitan plaza berri bat esleituko zaie.

Igandean Oñatiko herritar talde batek eta Mikel Biain alkateak harrera egin zieten. Hurrengo asteetan euskara eta gaztelera ikastaroak jasoko dituzte.

Bilboko harrera auzoak

Azken hilabeteetan Bilboko hainbat auzotan herritarrak antolatu eta etorkinentzako harrera sarea jarri dute martxan. Besteak beste, Atxuri, Bilbo Zaharra, Deustu eta Santutxutik pasatu dira. Ekimenaren antolatzaileek erakundeen eta zehazki Bilboko Udalaren inplikazio falta salatu izan dute.

Igandean, etorkinek bizi duten babesgabetasuna ikusarazteko kanpaldia antolatu zuten Areatza plazan baina, salatu zutenez, Udalaren aginduz udaltzainek handik bota zituzten. Kanpaldia legezkoa zela azpimarratu zuten antolatzaileek. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, aldiz, beharrezko baimenik ez zeukatela argudiatu zuen.