GARA
GASTEIZ

Lakuako Gobernuak behatoki bat sortuko du jokoaren errealitatea aztertzeko

Gasteizko Gobernuak Jokoaren Euskal Behatokia sortzeko eta arautzeko dekretua onartu zuen atzo. Lakuak azaldu zuenez, behatokia kide anitzeko eta arloarteko organo bat da, eta EAEko jokoa etengabe aztertzea eta ikertzea du helburu.

«Behatokia sortzeak Euskadiko jokoaren errealitatearen berri sistematikoki jakitea eta errealitate hori eguneratuta izatea ahalbidetuko du, bai eskaintzari dagokionez, bai gizartean dagoen eskaerari dagokionez, bai Euskadin eta beste esparru geografiko batzuetan adierazten diren joera prospektiboei dagokienez», adierazi zuen.

Horretarako, aldian behingo inkestak eta azterlan ekonomiko eta sozialak egingo ditu, besteak beste, honako hauen berri jakiteko: jokoaren sektorearen egoera eta jokoari buruzko politika publikoen ezarpena; enpresa-sektorearen osaera; jokozaleen profila eta horien pertzepzio subjektiboa; jokoari buruz gizarteak duen pertzepzioa eta jokoari buruzko politika publikoak.

Azterlan eta prospekzio horietatik abiatuta, jokoarekin eta jokoari buruz gizarteak duen pertzepzioarekin zerikusia duten eta gorantz egiten ari diren fenomenoak hauteman ahal izango ditu behatokiak; jokoari buruzko politika publikoek enpresa-sektorean, jokozaleengan eta gizartean, oro har, duten inpaktua aztertu ahal izango du; jardunbide egokiak eta ekimen gomendagarriak hauteman eta hedatu ahal izango ditu; eta jokoari buruzko ikerketa, azterketa eta prestakuntza lerroak sustatu ahal izango ditu.

Hori guztia egiteko Adikzioen Euskal Behatokiarekin eta Gazteen Euskal Behatokiarekin koordinatuko da. «Horrek ahalbidetuko du jokoari buruzko politika publikoak zehaztea eta ebaluatzea; jokoak gizartean, oro har, eta adingabeen kasuan, bereziki, duen intzidentziari buruz ikertzea; adikzio-portaerak kontrolatzea; eta sentsibilitatea sustatzea arduraz eta berme osoz jokatzearen mesedetan», azpimarratu zuen Gasteizko Gobernuak.