Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Orbelen mintzoa

Beti atsegin izan ditut orbelak. Udagoienean beharen gaina estali eta biguntzen dute. Gure arbasoek abestiak egin zizkieten: «Orbela airez aire, ifartxu dultzia, landamin ederretik doian errekia». Bizi dugun urtaroaren ikur nagusia da orbela Europan. Ingelesez, adibidez, fall edo “erortzea” esaten diote udazkenari, orbelarekiko erreferentzia argian.

Orbelak iragan itxura dauka, baina etorkizuna da. Udaberriko gaztaroa igarota, zuhaitzetik hilda jausten den orriak berebiziko garrantzia dauka bizitzaren udaberriko berriztapenari begira. Orbelen pilaketak abiarazten du etorkizuneko zuhaitzen bazka izango diren elikagaien sorkuntza prozesua. XVIII. eta XIX. mendeetan gure baso naturalak suntsitu ondoren, logikoa dirudi jendarte gaixo honek eratu dituen basoak ere gaixorik egotea. Orainak iraganari buruz hitz egiten du, batez ere.

Pinua ipar-mendebaleko euskaldunon sinbolo nabarmena izan da azken 150 urteetan. Parrandan «pinudiak dauzkat» esaten zizunak, orain gutxi arte, Bizkaian behintzat, ez zeukan beste ezer esan beharrik, kartak mahai gainean zeuzkan. Gure paisaian pinuak zenbaterainoko garrantzia izan duen frogatzeko; behin Laukizko lagun bat autoz eroan nuen Baigorrira. Bidean lo etorri zen eta Izpegin gora gindoazela esnatu. Begiak zuloetatik irtetear zituela bota zuen: «Hi, non gagozak? Zer dok hau? Etxagok pinurik!!!»

Oraingo pinuen gaixotasunak iragan hurbileko basogintzaz hitz egin duen era berean berba egin ohi du orainak iraganaz. Egungo arazoak, sarri, iraganean konpondu gabekoen seme-alabak izan ohi dira.

Pinutik Piturengana etorrita, asteon jendea kalean ikusi dugu ertzainen hilketa argi dadin eskatzeko. Iñigo Cabacasen gurasoek sei urte hauetan igaro dutenak biktimen arteko graduazioen zitalkeria agerian utzi du beste behin ere. Zapatuan, jendeak Donostiako kaleak hartuko ditu euskal preso politikoen eskubideen alde. Orainak iraganaz hitz egiten du. Iragana aldaketa etengabean baitago, orbelak bezala.