Jon ORMAZABAL
PILOTA

Botileroak ez dituzte izango, baina bai horien laguntza

Altuna III.ak eta Ezkurdiak Saralegi eta Martinez de Irujoren aholkuak jasotzen jarraitzen dute prestaketan.

Julian Retegirekin batera, Jokin Altunaren eta Joseba Ezkurdiaren botilero lanak egin dituzten Ekaitz Saralegi eta Juan Martinez de Irujo izan dira, ezbairik gabe, azkenaldiko laguntzailerik mediatiko edo ezagunenak. Bada, EPELek hartutako erabakiaren ondoren, aipatu bi pilotariak enpresa berekoak izanda, Amezketakoa eta Arbizukoa bakarrik irtengo dira igandean Atano III.eko kantxara. Horrek, baina, ez du esan nahi euren betiko aholkularien laguntza izan ez dutenik partida prestatzeko.

«Sanferminetako partidan ere, Barañainen, botilerorik gabe jokatu genuen. Berak irabazi zidan, 22-20», gogoratu zuen atzokoan Joseba Ezkurdiak. «Aurkezpenean ere eman nuen nire iritzia eta ni botileroak izatearen aldekoa naiz; ni lasaiago, konfiantza gehiagorekin aritzen naiz botileroa aldamenean izanda. Pultsazioak topera dituzula zaude eta ez dituzu gauzak behar bezala ikusten, kanpotik gauzak beste modu batera ikusten dira eta nik uste dut pilotarentzat ona dela, baina orain gabe gaude eta ez dago besterik», gaineratu zuen nafarrak.

«Oso arraroa egiten da»

Atzokoan bi pilotariek bakarrik egin zuten material aukeraketa, baina, horrelakoetan baino, partida egunetan botatzen ditu txapeldunak faltan Ekaitz Saralegi lagunaren aholkuak. «Aurrekoan Jonekin [Apezetxea] aritu nintzen, eta gustura berarekin ere, baina igandean ez dugu alboan inor izango eta oso arraroa egiten da dena, berria da. Normalean, gainera, ni botileroari esanda egoten naiz partida geratu behar dudala ikusten badu, eteteko, niri ezer galdetu gabe. Nik uste botileroa horretarako dagoela eta momentu horiek botatzen dituzu faltan; orain partidan zuk pentsatu behar duzu geratzea komeni zaizun eta norberak ikusiko du nola moldatzen den. Denborarekin ikasi egin beharko dugu denok, baina nahiago nuke edukita».

Telebista emankizunek ere arreta puntu bat galdu dute, baina pantailetatik kanpo, biek ala biek Saralegi eta Irujoren laguntza izaten jarraitzen dute.

«Asko hitz egiten dut Ekaitzekin, telefonoz asko eta kalean tokatzen bada ere bai. Entrenamenduetan ere bai, baina bera orain lanean dabil eta ez da beti etortzen. Baina lehen ere, entrenamenduetara baino, partidetara etortzen zen. Bera penaz dago eta ni ere bai, baina hala dago gauza eta ez dago besterik», aitortu zuen igandeko partidari buruz hitz egin dutena beretzat gorde nahi izan zuen Altunak.

Ezkurdiak ere ez du harremanik galdu Irujorekin. «Telefonoz egoten gara, eta, fisikoa Zentrumen egiten dudanean ere, ia beti agertzen da. Harreman estua dugu, aholkuak ematen dizkit, partidak aztertzen ditugu eta niretzat pertsona garrantzitsua da». Asteazkenean hitz egin zuten azkenekoz eta «Jokini aurrean txorrada gutxi egiteko» agindu omen zion Iberokoak.

Zaratamoko derbia Balmasedan

Partida berezi batek emango dio hasiera, gaur arratsaldean Balmasedan, final laurdenetako ligaxkaren bigarren jardunaldiari; Zaratamoko derbiak. Ez da Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano profesionaletan elkarren aurka arituko diren lehen aldia, baina bai bi herritarrak buruz buruko lehia batean indarrak neurtuko dituzten aurrenekoa.

Urgentziaz beteriko lehia izango da bi zaratamoztarrena, izan ere, lehen jardunaldian Oinatz Bengoetxea eta Julen Retegiren aurka galtzetik datoz eta gaur garaipena behar-beharrezkoa dute aurrera egin ahal izateko. Partida, gainera, ez da unerik onenean heltzen bietako inorentzat. Hori bai, lehen jardunaldian sentsazioak hobeak izan ziren pixkanaka bere sasoira gerturatzen ari den Urrutikoetxearentzat, nahiz eta partida luze egin zitzaion Bengoetxea on baten aurka. Elezkanok minak gainetik kendu ezinda jarraitzen du, baina biek ere azkenera arte borroka egingo dute.J.O.