Maddi TXINTXURRETA
INDARKERIA SEXISTEN BILTZARRA

INDARKERIA SEXISTAREN KARTOGRAFIA

INDARKERIA SEXISTA GIZARTE OROREN BERARIAZKO IZATE KULTURALEAN ILTZATUTA DAGOEN GAITZA IZANAGATIK ERE, EZ DA GAINDIEZINA; HORI BAI, KONPLIZITATEAK, INDARRAK ETA IDEIAK AMARAUNTZEN BIDE LUZEA EGIN BEHAR DA BERAU GAINDITZEKO. HORRETAN SAIATU DIRA IRUñEKO UDALAK BALUARTEN ANTOLATUTAKO BIOLENTZIA SEXISTEI BURUZKO NAZIOARTEKO BILTZARREAN.

Feminismoak behin eta berriz berrikusten du bere burua, testuingurua birpasatzen eta ideiak hostoberritzen. Osagai berriak gehitzen dizkio etengabe askotariko zapalkuntzen aurkako borrokarako errezeta liburuari; hori du iraungitze datarik ez izateko sekretua. Oraingoan, Iruñeko Baluarte jauregian bildu dira feministak, hainbestetan aipatu den indarkeria sexista sakonean aztertu eta berau erauzteko bidea egiten jarraitzeko asmoz.

Iruñeko Udalak indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa berretsi du beste behin, eta hiru eguneko Indarkeria Sexistei buruzko Biltzarra antolatu du. Ostegunean inauguratu zuen Joseba Asiron alkateak, eta, atzoko jardunaldi oparoaren ostean, gaur eguerdian amaituko da. Indarkeria sexisten hausnarketa, prebentzioa oztopatzen duten gabeziak eta ahuleziak antzematea, eta birkontzeptualizazioa helburu, hiru ardatzetan antolatu da bilkura: zuzenbidean, komunikazioan eta ikerketan.

Emakumeen aurkako biolentzian gurutzatzen diren faktoreak aztertu ziren atzokoan eta Baluartera hurbildu zirenei indarkeria sexista birpentsatzeko marko teoriko bat eskaini zitzaien, analisirako tresna berriak sortzeko xedez. Atzo Baluarte jauregira agertu zirenek aipatu hiru ardatzetako hitzaldien artean aukeratu zuten eta gaian adituak direnen esperientziak eta estrategiak entzun eta hausnartzeko abagunea izan zuten.

Bortxaketaren kultura

Festa giroan, gauez, alkoholaren eta bestelako drogen bueltan gizonek eragiten dituzten indarkeriak emakumeengan duten eragina aztertzeko sortu zen Bartzelonan Noct@mbula Behatokia. Bertako kidea da Ana Burgos eta festa giroko indarkeria sexuala eta drogen kontsumoa izan zituen hizpide. Oinarrizko ideia bat bota zuen, gainontzekoa testuinguratzeko balio duena: «Bortxaketaren kulturan bizi gara».

Hori dela eta, emakumeek bortxatuak izateko duten beldurra «kontrolerako mekanismo» bat bihurtzen dela azaldu zuen Burgosek: «Esaten digute zein izan behar den gure lekua munduan. Sexuzko indarkeriaren mehatxua nagusitasun patriarkalaren oinarrizko ardatza da».

Publizitateak, komunikabideek eta instituzioen kanpainek emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean hartzen duten jarrera aztertu zuen Ana Burgosek. Besteak, beste, aipatu zuen talde feminista eta instituzio ugarik babestutako “Ez ezetz da” kanpaina ahulegia dela. «Badirudi emakumeek ez badute ezezkoa ematen, baimena hor dagoela. Emakumeak gizonen nahierara jokatzera behartzen dira, gizonek beraiengandik desio dutena egitera», azaldu zuen. Ezetza interpretatzeko modu ugari daude Ana Burgosen iritziz, indarkeriaren aurrean mugimendurik ez egitea edo erasotzailearekin negoziatzen saiatzea erabaki dezakeelako erasoa jasaten ari den emakumeak. Hori dela eta, “Bai bakarrik da baiezkoa” leloa erabiltzearen alde egin zuen.

Bestalde, erasotzailearen gainean egiten den adjektibizazioari kritika egin zion antropologoak: «gaizkiletzat, maltzurtzat, krudeltzat, zorotzat» ditu gizarteak, baina gogorarazi du erasoak sistemikoak direla, izan ere, Noctambul@s Behatokiak jasotako datuen arabera, nesken %57k normalizatutako indarkeria egoerak bizi izan dituzte.

Alkoholak eta bestelako drogek emakumea zalantzan jartzerainoko indarra egiten dutela ere ohartarazi zuen Burgosek: «Gizarteak ez du sinetsiko mozkor zegoen bortxaketa biktima batek esandakoa». Bestalde, gizonek baimen gabe drogatzen dituzten emakume “onen” eta nahita kontsumitu duten emakume “txarren” artean gizarteak bereizketa argia egiten du hizlariaren aburuz. Hori horrela, nahita kontsumitzen duten emakumeei bortxaketaren edo bestelako indarkeria kasuen «errua» egozten zaie.

Esperientzia feminista

Itziar Gandarias Deustuko Unibertsitateko Psikologia irakasleak eta Cony Carranza El Salvadorko hezitzaile feministak, berriz, Emakumeen Mundu Martxan eta bestelako kolektibo feministetan bizitako esperientzien berri eman zuten atzokoan Iruñeko Baluarten.