Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Demontre!

Mania txoro horietako bat da, liburu bat hartu eta, hasi aurretik, azken-azken esaldia irakurtzea beti aurrena. Orain esku artean dudan honetan, nik neuk idatzitako zenbait hitz dira azkenekoak: «Paper-zati bat behar nuen Gurutzeta Ospitaleko 4B solairuko altak apuntatzeko». Frida Kahloren biografian dago oharra, eta, ikusi dudanean, neure buruarekiko samurtasun handia sentitu dut; hortxe jasota utzi nahi izan nuen, aspaldi, zergatik puskatu nuen honenbeste miresten dudan emakumeari buruzko liburua. Horrekin batera, garai hartako oroitzapen andana etorri da, ospitalean garbitzaile izan nintzeneko bizipenena, eta, batez ere, han ezagutu nituen emakume indartsuena. Garbitzaileek oso gaztetatik mundutxo hartan mugitzen irakatsi zidaten, ikasketak burutzea kostatzen ari zitzaion ni hari, diru apur bat egitera agertu zen hari, beti jakinaren gainean berandu baino lehen handik alde egingo zuela, ez zela izango hura betiko lanbidea, ez haiek urte luzeetako lankideak. Denak (Isabel, Toyi, Elisa…), sekula indiferentzia edo mespretxurik erakutsi gabe, ama bakar bat balira bezala arduratu ziren nitaz, lan hura behar bezala nola egin erakutsi zidaten, nola jokatu, eta ez sentitu gaizki, hierarkia zorrotz baten araberako mikrokosmos hartan. Beren bizitzak kontatu zizkidaten, emakume eta ez beste ziren haien guztien lan-baldintza duinak erdiesteko borrokak, garratzak. Errieta egin zidaten, atsedenaldiro, «Ikasi, bukatu karrera, eta alde hemendik derrepentean, demontre!», esanez.

Beti esaten dut urtebete hura nire bizitzako lezio handienetakoa izan zela, emakume nekatu bezain duin haiek ederki espabilatu nindutela, zentzu askotan. Beti diot, halaber, denek ziruditela benetan ziren baino zaharragoak, aurpegian eta eskuetan zizelkatuta zeramatzatela hainbeste lixiba, espartzu eta aitortzarik ezaren arrastoak. Egun garbitzailea ez banaiz ere, ez eta inoren etxeko andre edota zaintzailea ere, oso neure sentitzen ditut horretan behar egiten duten emakume guztien aldarrikapenak: soldata, soldata duina eta aitorpena jendartean, hasi familiatik eta erakundeetaraino, beste edozein langileren moduko estatusa. Mingarria zait, oso, ikustea emakume horiek guztiak oraindik ere nola borrokatu behar diren merezi dutena, ez besterik, izateko; amorrazioa eragiten dit ikusteak zein babes gutxi jasotzen duten, bai norbanakoengandik bai enpresetatik bai erakundeetatik. Gure etxeak, gure lantokiak, gure senideak… iratxoek garbituko eta zainduko balituzte bezala, demontre!