2018/10/31

Harremanetatik eratorritako memoriak

Hildako bat da Irati Elorrietaren «Neguko argiak» eleberriko protagonistetako bat. Harekin batera, Parisen elkar ezagutu eta ordutik lagun minak diren bi emakume dira pertsonaia nagusiak, egun Berlinen bizi direnak. Lagunen joan-etorriekin, historia kolektibo eta propioan zehar murgilduko dira bizirik daudenak.

Nagore BELASTEGI|DONOSTIA
1031_kul_negukoargiak

Berlinen kokatutako nobela dakar Irati Elorrietak, Pamielaren eskutik. “Neguko argiak” lanak 50 pertsonaiatik gora josten ditu, guztien arteko harremanak gizarte bizi bat islatuz. Protagonistak hiru dira; Marta eta Añes, Parisen lagun egin ziren bi neska, eta hilik dagoen hirugarren pertsonaia bat, memorian bizi dena, baina inork baino garrantzia handiagoa duena.

«Nobela zertaz doan galdetzen zidatenean ez nekien zer erantzun eta hildako bat dagoela esaten nuen. Suposatzen dut lan handia eman didalako aipatzen dudala», kontatu zuen idazleak atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean. Horrekin batera, konturatu da heriotza itxita dagoen kutxa bat dela, jorratu ohi ez den gaia, nahiz eta denok ditugun gure hildakoak.

Eleberrian zehar Marta eta Añesen arteko harremanaren une desberdinak agertzen dira, eta nabari daiteke une horretan elkarrengandik gertu edo urrun dauden, harreman sendoa duten arren zaurgarria ere badela agerian utziz, eta batzuetan hauskorra ere badela.

Gainerako pertsonaia piloa batzen dituena «anbizio gutxikoak» izatea da, baina ez zentzu txarrean. Egungo gizartean arrakasta profesionalak garrantzia du, baina liburuko pertsonaiek arrakasta harremanetan neurtzen dute; «badakite hartu- emanak garrantzitsuak direla».

Duela 10 urte idatzi zuen Elorrietak bere lehen liburua, “Burbuilak”, eta “Neguko argiak” haren bigarren zatia ez den arren, nolabaiteko jarraipena izan dezakeela iradoki zuen. Izan ere, han «bizitza eramangarria egiten zuten ametsak ziren burbuilak, eta hemen lehertu egin dira». Horrek ez du esan nahi eleberri berriko pertsonaiak ezkorrak direnik, baizik eta helduagoak izanik helburu errealistagoak dituztela eta gutxiago behar dutela zoriontsu izateko.

Liburuaren beste berezitasun bat da lekuetan zein denboran zehar bidaiatzeko duen gaitasuna. Esate baterako, Martak Pariseko pisuan zuen argazki bati esker Pariseko Komunara egingo dugu salto, egoera hura egungo Berlinekin zein iraganeko Iruñearekin lotuz. Izan ere, idazlearen esanetan, nobelaren gaietako bat memoria da, «pertsonaien memoria zein memoria historikoaren arteko bidegurutzea».

Izenburuaren esanahia ere azaldu nahi izan zuen, kontatuz parke batean paseatzen zegoela zuhaitzetatik argia sartu eta lurrean, itzal artean, argi puntuak ikusi zituenean bururatu zitzaiola memoria ere halako zerbait dela. Oroimena argi puntuak dira. «Nahi nuen guztia paperean utzi eta buruan lekua egin. Niretzat etxea garbitzea bezala izan da, nahiz eta badakidan pertsonaiek buruan jarraituko dutela, hildakoekin gertatzen den bezala», azpimarratu zuen eleberriko pertsonaia nagusietako bati aipu eginez.

Intsektuak, gizakien pare

Liburu aurkezpenera Joxerra Gartzia idazlea gonbidatu zuten, eta honek eleberria irakurtzen ari zela egin zuen pertsonaien mapa erakutsi eta egileak guztiak josteko izan duen gaitasuna goraipatu zuen. Horretaz gain, testuan agertzen diren hiri barruko naturari eta hirigintzari egin zien erreferentzia, kontakizunaren parte direla esanez. Adibidez, kontatu zuen intsektuen jokabidea ligatzen saiatzen diren pertsonekin alderatzen duela.

Zinemako eta musikako pertsonaiei erreferentzia egiten diela ere esan zuen Gartziak, adieraziz eleberriak «tradizio bizia duen unibertsoa» osatu duela eta ez duela «parekorik».