Mikel JAUREGI
ZARAUTZ
Elkarrizketa
MIKEL KAZALIS
ANESTESIA TALDEKO GITARRA-JOTZAILEA

«30 urte eta gero, zerbait oso potentea eskaintzeko gai gara oraindik»

25 urte atzera egin eta lehen disko luzea berrargitaratu du Anestesia taldeak, biniloan. Justu, Zarautzen sortu zela 30 urte bete direnean. “Gorrotoaren ahotsa”-ren bertsio berritu hau –«remasterizazioarekin saiatu gara gaur eskaintzen dugun soinu horretara hurbiltzen»– kointzidentzia batzuen emaitza izan da: Elkar argitaletxearen eskaintza bat aurrena, jarraitzaile baten laudorioa gero... eta urratsa azkenik.

“Gorrotoaren ahotsa” mugarri bilakatu zen Euskal Herriko metal eta hardcore eszenan duela 25 urte argitaratu zenean. IZ estudioan grabatua, Kaki Arkarazorekin, Mikel Kazalis jakitun da «jende askorentzat oso disko berezia» dela. Berrargitaratzearekin batera antolaturiko kontzertuetan berriz ikusteko modua izan du, erantzun bikaina jasotzen ari baita laukotea (Ibon abeslariak, Dani baxu-jotzaileak eta Beloki bateria-jotzaileak osaturikoa). «Harrituta, eskertuta eta hunkituta» daude. Bihar bertan dute beste emanaldi bat, Donostiako Dokan: «Aizetzenau!» oihuaren –bere jatorriari ere egin diogu tokia elkarrizketan– segidan askatuko da zarauztarren enbata bira honetako laugarren hitzorduan ere.

 

«Zirkulutik espiralera» kaleratu zenutela hiru urte eta erdi igarota, Anestesiaren hurrengo pausoa kantu berriak sortzea izango zela pentsa genezakeen. Baina 25 urte atzera egin eta zuen lehenengo disko luzea berrargitaratzea erabaki duzue. Zerk bultzatuta?

Normalean ez dugu planifikatzen inoiz zein izango den gure hurrengo pausoa. Beti prozesu bera da: disko bat egiten dugu, horren birarekin ibiltzen gara bizpahiru urte, asko jota, eta gelditu egiten gara, aspertzen hasten baikara berdina jotzeaz. Inoiz ez zaigu gustatu inertziagatik jarraitzea. Alde horretatik, zortea dugu talde profesionala ez garelako; askeago gara eta guk nahi dugunean egiten ditugu gauzak. Hori, niretzat, luxu bat da: bermatzen dizu mimatu ahal izatea eskaintzen duzuna, benetako zerbait izatea.

Oraingoan ere berdintsua izan da. Urte sabatikoan geundela, iaz Elkarrekoek eskaini zidaten “Gorrotoaren ahotsa” biniloan argitaratzea, zenbait disko zahar biniloan berrargitaratzen ari baitira eta haiek kudeatzen baitute Esan Ozenki-ren katalogoa. Eskaintza bere horretan geratu zen, airean. Eta aurten, urtarrilean, baten batek Facebook-en jarri zuen: «25 años de este discazo». Eta hor, lotura moduko bat egin nuen: «Aiba, iaz Elkarrekoek halako eskaintza egin ziguten, orain zale batek hau aipatzen du, gu orain jo gabe gaude eta ez daukagu asmorik disko berri bat egiteko… Bada, agian disko hori berrargitaratzea biniloan, 25. urteurrena ospatuz, eta horren aitzakian dozena erdi kontzertu egitea polita izan liteke. Eta guretzat ere lan gutxiago…» [barre egiten du]. Taldea animatu egin zen, eta aurrera! Hortaz, kointzidentzia batzuen ondorio izan da. Eta, momentuz, badirudi asmatu dugula eta jendeak ondo hartu duela bai diskoarena, baita birarena ere.

Nola doa bira? Zein erantzun jaso duzue orain arte?

Sei kontzertu ziren hasiera batean, baina gero Dimetal jaialdirako deitu ziguten eta baiezkoa eman genuen; beraz, zazpi. Hiru eman ditugu, Bilboko Antzokikoa, Gasteizko Gaztetxekoa eta Dimakoa, eta, egia esan, erantzuna ikaragarria izan da, guk geuk espero genuena baino askoz handiagoa. Adibidez, Antzokikoa [irailaren 15ean eskainia] gure ibilbideko kontzertu historikoetako bat izan zen: sarrera guztiak salduta, kamiseta guztiak kontzertua hasterako agortuta –eta pila bat eraman genituen–, jendea abesti guztiak kantatzen goitik behera… Oso energia berezia sentitu genuen han. Eskertuta, hunkituta eta hitzik gabe geratu ginen.

Pentsatzen dut «Gorrotoaren ahotsa»-ri leku berezia eskainiko diozuela emanaldiotan…

Disko hura gogoratzen ari garenez, kontzertuetan bloke bat gordetzen dugu osorik jotzeko, goitik behera, diskoaren ordena berean. Eta sentsazioa daukagu hobetu egin ditugula kantu haiek. Garai hartan estudioan sartzeko presioa genuen, gure ezjakintasunak hor ziren –ez ginen kristoren musikariak; bueno, orain ere ez [barrez]–, gure mugak... Bitxikeria bat: diskoa grabatzeko hamar egun genituen estudioan, diskoetxeak ordainduta, eta bost egunean bukatuta, nahastuta eta masterizatuta geneukan. Beste bostak soberan izan ziren, jada ondo zegoelako guretzat. Gaur egun, hamar egunean justu-justu bateriak grabatuko genituzke [kar, kar, kar]. Eta gaur entzunda, konturatzen gara ez zegoela hain ondo, bazituela akatsak. Remasterizazioarekin saiatu gara hurbiltzen gaur eskaintzen dugun soinu horretara. Guk ere zeozer ikasiko genuen-eta… [barreak].

25 urteko perspektibarekin, erreparatzen diozunean, zer esaten dizu «Gorrotoaren ahotsa»-k? Oso ondo zahartu den diskoa dela iruditzen zait…

Askotan gertatzen zaigu oso kantu zaharra jotzerakoan sentitzea ez gaudela eroso, jotzeko modua aldatu dugulako, jada ez dugulako hain geure sentitzen pasatako denboragatik, edo batek daki zergatik. Hori kontuan hartuta, oraingo kontzertuei begira esan genuen: «Proba dezagun lokalean ea zer sentitzen dugun eta, gustura ez bagaude, aukeraketa bat egingo dugu». Geure buruarekin zintzo jokatu nahi genuen, eta ez disgustura jo, beharturik. Halaxe, diskoa goitik behera jo genuen, eta gu geu harrituta geratu ginen: «Ostia, ondo ezta?».

Kontzertuetan osorik jotzearen poderioz, ikusi dugu duela 25 urte oso disko orekatua egin genuela, guri gustatzen zaigun bezalakoa, denetik duena: erritmo geldoak, azkarrak, tempo erdikoak, rockeroagoak, hardcore bortitza… Halako konbinazio bat dauka ezin hobeto datorkiguna, gaur egun ere, kontzertu bat eskaintzeko orduan.

Orain ia urtebete, aurreko diskoaren aurkezpen bira amaitutakoan, honakoa esan zenuen sare sozialetan: «Tribu bat joan da osatzen gure inguruan». Harriturik eta eskerturik agertzen zinen harrera ikusita.

Oso deigarria, harrigarria eta emozionantea iruditzen zait. Oso sentsazio bereziak batzen zaizkit. Gurea musika gogorra da, publikoarentzat orokorrean eta Euskal Herrian agian gehiago, hemen ez baita inoiz oso modan egon, baina gure bidea egiten joan gara. Izatez, diskotik diskora egin ohi ditugun geldiune horietatik bueltan beti pentsatu izan dut ordurako modaz pasatuta egongo ginela; metal edo hardcore joera berriago batzuk egongo zirela puri-purian eta gu hartuko gintuztela betikoa egiten segitzen zuten zahar batzuen modura. Baina guk gurean sinistu dugu beti, berdin izan zaigu: pertsona bakarra joanda ere gure kontzertuetara, musika bera egiten segituko genuke. Zorionez, suertatu da, ez dakit zein arrazoirengatik, gure publikoa, desagertu beharrean joan dela handitzen. Eta tartean, belaunaldi berriak.

Gazte asko hurbiltzen da?

Gehitzen joan dira. Taldea ezagutzen ez zutenak dira, asko jota anai-arreba zaharrenei gure izena aditutakoak. Ez dakit nostalgiak hor eraginik badaukan, edo errelebo falta egon ote den Euskal Herriko musika gogorraren panoraman, edo beste zein faktore izan den, baina bai, azken diskoaren biran, bospasei urte jo gabe egon eta gero, jendearen erantzun ikaragarria nabaritu genuen. Bat-batean, goranzko joera, «subidoia», ikusi genuen.

Jaiotzatik 30 urtera, loraldi berria. Ez da makala. Anestesia «rara avis» bat da?

Gurea beti izan da oso pixkanakako bidea. Hasieran, bospasei urte pasa genituen ia-ia gure lagunentzako bakarrik jotzen, gaztetxe txikietan. Gerora, izena hartzen hasi ginen, beste zirkuitu batzuetan mugitzen, diskoak grabatzen, Esan Ozenki… Ikusgarriago egin ginen publiko zabalago batentzat, nahiz eta inoiz ez garen izan kiroldegiak betetzeko moduko talde bat. Baina, gure neurrian, nahiko ezagunak izaten hasi ginen. Eta hortik aurrera, egia da nabaritu dugula mantendu egin garela, edo goraka egin dugula. Guk egin ditugu geldiuneak, nahi genuelako, eta bueltatu izan garenean inoiz ez dugu sentitu jenderik ez zegoenik gu ikusteko prest.

Gurea egunetik egunerako lan bat izan da. Inoiz ez dugu managerrik izan, inoiz ez dugu atzean eduki diskoetxe bat kristoren promozio kanpainak eginez. Eduki duguna da lana eta lana, jo eta jo eta jo… Esango nuke jendeak ikusi duela benetakoak garela, sinesten dugula egiten dugun horretan, inoiz ez garela inertziagatik aritu. Agertokietan ere oso modu sutsuan defenditu dugu beti gurea, eta horrek ere badu bere eragina publiko fidel bat edukitzeko garaian.

&softReturn;Hori ez dizue inork ukatuko: energia izugarria askatzen duzue agertokian.

Kontzertu asko egin dugu azken sasoian eta guk geuk esaten dugu: «Ostia, nola gauden!» [barrez]. 30 urte pasa dira, lepoko minak eta belaunekoak handiagoak dira, baina sentitzen dugu oso formazio potentea osatzen dugula oraintxe; egun hobeak eta txarragoak izaten ditugu, noski, baina nabaritzen dugu zerbait oso potentea eskaintzeko gai garela oraindik agertokira igotzen garenean. Hori sentitzeak ahalbidetzen dizu gero jendeari transmititu ahal izatea.

&softReturn;30 urte errepidean, bi maketa, EP bat, sei disko luze, agertoki mordoa zapaldurik… Zer gehiago du eskaintzeko Anestesiak?

Inoiz ez dugu anbizio berezirik izan talde bezala. Adibidez, ez dugu antolatu birarik kanpoan; oso irtenaldi gutxi egin izan dugu. Eta gaur egun ere taldea ez dago, inondik inora, horrelako asmoetarako: bakoitzak bere lana dauka, familiak hor dira... Une honetan eskain dezakegun bakarra zera da: ez dugu asko joko, baina jotzen dugun bakoitzean dena emango dugu.

Askotan nik neuk ere pentsatu izan dut ondo legokeela lan gehiago egitea taldearekin, baina lau pertsona gara eta laurok egon behar dugu ados guztiarekin. Eta azkenekoz, gure artean negoziatu genuen hilean bi kontzertu egitea gehienez. Berez, aukera izango genuke asteburuero jotzeko, eta agian kontzertu bat baino gehiago, baina erabaki genuen horrela izatea. Batzuetan frustrantea izan daiteke dei askori ezetz esan behar diezulako, baina aldi berean horrek bermatzen digu 30 urte pasa eta gero taldea bizirik egotea, guk geuk eta jendeak gozatzen segitzea, zirkuitua ez erretzea –Euskal Herritik atera gabe, beti inguru bertsuetan, publikoa nekatu daiteke zu ikusteaz, eta zu neka zaitezke publiko bera ikusteaz [kar, kar, kar]– eta abar. Ez zait hain formula txarra iruditzen bizirik segitzeko eta kontzertu bakoitzari balio eta indar berezi bat emateko.

«Gorrotoaren ahotsa»-z arituta, ezin dut saihestu lehenengo kantua irekitzen duen oihu edo esaldi horri buruz galdetzea. 25 urteren buruan, «ai zezen hau!», «haizetzen hau!» edo zer dioen ezin asmatu. Argitzerik bai? Edo sekretua da?

Gure mezu satanikoa da [kar, kar, kar]. Oso kuriosoa da, baina orain diskoa biniloan berrargitaratu dugunean, proba egin daiteke: jarri diskoa eta hatzarekin atzeraka eragin. Orain gutxi Legen Beltzako gitarrista Ekaitzek [Garmendia] egin zuen eta Facebook-en jarri zuen: eta entzuten den mezu sataniko sakon hori da «Anestesia».

Nola?

Lehenengo maketatik atera genuen. Lau pistako kaseteko grabagailu batean grabatu genuen, eta behin bururatu zitzaidan buelta eman eta nire ahotsa, orduan nik abesten bainuen, alderantziz entzutea. Oso arraroa zen, oso monstruosoa, «uargh, uargh, uargh». Kantu bat genuen, “Anestesia cerebral” izenekoa, eta «Anestesia» hori alderantziz halaxe entzuten zen: «aizetzenau». Berez da «uanestesia», horregatik bukatzen da «nau» horrekin. Eta diskoa grabatzerakoan, pentsatu nuen ondo legokeela horrelako ahots arraro batekin hastea. Urte askoan jende gehienak ez du jakin zer esaten zen han. Orain biniloarekin badute proba egiterik!