Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Oraingoz

Realak bere himnoko hitz bat aldatzea erabaki du. “Aurrera mutilak” barik, “Aurrera Reala” abestea nahi du Klubak, bai zelai barruko bai kanpoko guztiak barne hartuta senti daitezen. Emakumeak gogoan egin du Realak aldaketatxoa, berdintasunari begira jendartean azken hamarkadotan borrokaturiko eta, gauza askotan bai, lorturiko aldaketa handiarekin, hori bai handia, bat egitearren. Erabaki, burutu eta zabaldu, ez da hain zaila benetako borondatea dagoenean, ezta?

Athleticek, ordea, ez omen du «oraingoz» ereserkia aldatuko. Ez nago oso ziur zein arrazoi duen denbora-zehaztapen hori egiteko; albistea entzun nuenean, ez zuten esan, San Mames inguruko gazteei “Aupa mutilak” ordez zer kanta zezaketen eta aldatzea zer irudituko litzaiekeen galdetzera mugatu ziren. Gazteek arazorik ez, Athleticeko emakumeek ere merezi dutelako himnoa, eta aitorpena eta beste guztia. Begi-bistakoa da oro har gaztetxoek ez dutela inongo arazorik tradizioekin, tradizio bidegabeak eta baztertzaileak puskatzearekin, hobe esanda, helduok aurretiko buru-jan ederra egin ez badiegu, noski. Berdin dio, Athleticek ezetz, ez duela gogorik aldaketatxotan hasteko, jakinaren gainean, diot nik, berba bat gorabehera zuri-gorrizaleek hil arte jarraituko dutela zuri-gorrizale izaten, eta, preseski horrexegatik, nahikoa kezka dutela oraintxe bertan, «oraingoz», gizonezkoen lehen taldearekin, izarrarekin, benetan axola dion mailatik desagertzeak ekarriko lukeen drama bizkaitar kolektiboarekin. Hortaz, ulertuko dugunez, beste guztiak itxaron dezake.

Itxaron dezake arrazoi oso sinple batengatik: berdintasunari dagokionez jendartean azken hamarkadotan borrokaturiko eta lorturiko aldaketa benetakoa gauza askotan bai, baina kirolean ez delako gauzatu. Kirol nagusian, ez horixe, beste edozeinetan baino nabarmenago dakusagu, beste edozeinen berri baino askoz ere gehiago dugulako, batik bat, baina gainerakoetan ere beti daude aldeak, ñabardurak, arrailak eta, finean, parekatzeko borondaterik eza bera.

Irakurri besterik ez dago edozein andrazko kirolariri egiten zaizkion elkarrizketak, non emakume-izaerak eta horrek, horregatik bakarrik, dakartzanak beti-beti dauden lehenago edo beranduago galdera-erantzunen artean, nolabait kirolari horren jardunari berari dagozkionak lausotuta edo. Aldaketatxoz aldaketatxo izango den eraldaketa orduan izango da, edonon: emakumezkoen profesionaltasuna eta lorpenak lehen mailan daudenean, eta halaxe zabaltzen direnean.