2018/11/08

Haurren unibertsoan murgildu da Altzoko Handiaren itzala

Ez da makala azken urtean Altzoko Handiaren bizipenek izan duten oihartzuna. David Azurzak opera egin zuen lehenik, gero Altzon hari eskainitako ibilbidea eratu zuten, zinema pantailara egin zuen jauzi ostean... eta orain, Koldo Izagirre eta Irrimarrako Karmele Gorroño eta Irene Iruretak umeen unibertsorako egokitu dute.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
1108_kul_altzokohandia

Aurten berrehun urte dira Migel Joakin Eleizegi jaio zenetik. Altzoko Handia ezizenez ezagunagoa, akromegalia zuen gizonezkoa 2,14 metroko garaiera izatera iritsi eta, kontatu izan zaigunez, horrek zorigaitzak bezainbeste zorion ekarri zuen bere bizitzara.

Istorio zirraragarriaren sokatik tiraka, azken urteotan asko izan dira Altzoko Handiaren bizitza gogorarazi eta pertsonaiaz harago zegoen pertsona irudikatzeko egin diren ahaleginak. Ezagunena, agian, Moriarti ekoiztetxeko Jon Garaño eta Aitor Arregiren “Handia” film saritua izango da, baina aurretik David Azurzak opera bat eskaini zion eta Altzoko Udalak herrian Eleizegiren omenezko ibilbidea eratu zuen, esate baterako.

Bi egitasmo horiek gertutik ezagutzen ditu Koldo Izagirrek. Operaren kasuan, bera izan zen Azurzaren eskariz libretoa osatu zuena –Mexikon arrakasta handia izan duela eta aurki AEBan estreinatuko dela iragarri zuen– eta Altzoko zirkuituko panelak diseinatzen ere hartu zuen parte, Udalaren eskariz orduan ere. «Lan handia egin genuen, Juanba Berasategirekin, eta ezezagunak ziren datuak eta marrazkiak agertu ziren», ekarri zuen gogora Izagirrek. Orduan eman omen zioten Altzoko Handiaren istorioa literaturara eramateko ideia, eta zeregin hori Erein argitaletxearen eta Irrimarrako ilustratzaileen bidez eraman du aurrera.

Hala sortu da Altzoko Handia protagonistatzat duen bilduma, oraingoz bi ale eman dituena: “Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak” eta “Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa”. Jatorriz euskaraz idatziak, gaztelerazko bertsioak ere argitaratu dituzte (“El Gigante de Altzo y las mentiras de Kutixi” eta “El Gigante de Altzo y el piano de Kutixi”).

Kontrapuntua

Kontakizuna datu historikoetan oinarrituta baino, Altzoko Handiaren irudia gaur egunera ekarri eta kontrapuntu gisa Kutixi izeneko pertsonaia –neskato txiki eta bihurria– irudikatu du Izagirrek, eta hasieran narrazio klasiko bat osatu bazuen ere Irrimarrako Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok helarazitako lehen zirriborroen maila ikusi zuenean bestelako bidea jorratu behar zuela ikusi zuen argi: «Erabaki nuen testuak ez zuela narratiboa izan behar; kopla motzak, solasak eta onomatopeiak soilik daude eta horrek sekulako lana eman zidan», aitortu zuen.

Albuma «erakargarria, koloretsua eta ederra» dela baieztatu eta, ilustrazio zein testuen bidez, bi irakurketa posible egin daitezkeela berretsi zuen. Bata, haurrek euren irudimena erabilita egingo dutena eta, bestea, helduek testuen bidez interpretatuko dutena: «Haiek istorio bat muntatuko dute ikusten dutenaren arabera, guk ez dugu halako abilidaderik, eskolak formateatu egin gaitu, atrofiatu egin gaituzte, eta bigarren mailara pasa dira jolastea, disfrutatzea, fantaseatzea. Hori da helduok album honekin dugun zailtasuna, lan bat eskatzen digu, haurrekin batera irakurri behar dugu, haiek dira adituak irudi hauek interpretatzen». Aldi berean, zenbait pasartetan ironia erabili du Izagirrek testuetan, eta helduek haurrei lagundu beharko diete eszena testuaren arabera interpretatzen. «Gezurra badirudi ere, irudiaren ederrak irakurleen inplikazioa eskatzen du, irudien bidez iritsiko da narrazio testua bera», nabarmendu zuen.

Ilustrazioei dagokienez, gama kromatikoak eta irudien soiltasun eta edertasunak erakartzen du arreta, eta Irrimarrako kideek, Altzoko Handiaren argazkirik ez dagoenez –marrazkiak soilik daude–, estilo propioa garatu eta interpretazio librean aritu direla azaldu zuten. «Errespetua genien aurrez egindako lanei, eta pertsona erreal bat pertsonaia bilakatu behar genuen... Nola irudikatu? Guk gure Altzoko Handia irudikatu dugu. Erraldoia da, baina keinu eta posturetan pertsona umila da. Kutixi, aldiz, oso txikia da, haurren txikitasuna nabarmentzen du, baina bihurria da eta ez ditu beti arauak errespetatzen», azaldu zuten ilustratzaileek.

Idazlearen eta ilustratzaileen arteko elkarlana «sarria eta sakona» izan dela baieztatu zuten hirurek, eta bildumako lehen bi ipuinen ostean ale berririk etorriko den edo ez airean utzi zuten. «Istorioak baditugu eta jarraitzen dugu lanean», esan zuten.

BILDUMA


Erein argitaletxeak argitaratu du bilduma eta oraingoz bi ale ditu: «Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak» eta «Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa».