GARA
Aizkora

Urrezko Kopak hitzordua du Elgetan, eta izar handiek Larrakoetxen

Bihar, 18.00etan, Elgetan aizkolariak eta harri-jasotzaileak ikusteko aukera izango du bertaratzen den orok. Aizkolariak Urrezko Kopan ari dira eta helmugara hurbiltzen ari dira. Bihar horietako hiru neurtuko dira: Joseba Otaegi, aurrera pasatzeko faborito nagusia, Oier Kañamares eta Joxean Etxeberria. Egin beharreko lana, hamabina kana-erdiko pago enbor ebakitzea. Garaileak zain izango du hezur gogorra, Mikel Larrañaga azpeitiarra.

Harri jasotze alorrean, Gabonetako txapelketaren (Label Saria) jardunaldi berri bat izango da. Partaideak, herriko seme Imanol Albizu Goikoetxe eta Jon Irañeta irurtzundarra. Erabiliko dituzten harriak zilindro zaharra, kubikoa eta borobila izango dira, denak 100 kilokoak.

Bihar bertan, Loiuko Larrakoetxe auzoan, kirol eguna ospatuko da eta jaialdi bikaina antolatu dute. Goizeko 11.00etan emango zaio hasiera, txinga-eroate saioarekin, Xanta Sousa eta Nerea Egurrola ariko dira nor baino nor. Jarraian, 11.45ean, Ousmane Drame eta Kerman Perez izango dira lanean.

12.45ean Euskadiko Kintopeko Harri-jasotzaileen Txapelketa jokatuko da. Parte hartuko dutenak Jon Gisasola Zelai IV.a, Aritz Etxebarria, Manex Aburuza eta Iraitz Arruti dira. Erabiliko dituzten harriak: 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko kubikoa. Bakoitzarekin hiru minutuko txanda izango dute.

Arratsaldean, 14.30ean, aizkolarien txanda izango da. Xuban Kañamares, Iban Zabala eta Hodei Ezpeleta. Ondoren, bazkaria egongo da eta, azkenik, eguna borobiltzeko plater nagusia iritsiko da: 17.00etan Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Xabier Orbegozo Arria V.a, nor baino nor. Bakoitzak 14na kana-erdiko moztu beharko ditu eta saria 1.000 eurokoa da.

Sokatira Laukizen

Euskal Herriko lauko sokatiraren bigarren jardunaldia jokatuko da, 320 kilotan, 17.30ean Laukizen. Ezpeletan aritu ziren talde berberak, Gaztedi eta Ibarra, oraingoz 3,5 punturekin berdinduta daude; jarraian Ñapurrak dator bi punturekin eta Donazaharrek puntu bat du.

Nafarroako goma gaineko txapelketa nagusiak, aldiz, bigarren ekitaldia izango du 640 kilotan bihar Aldatzen, 12.30ean. Lehenbiziko ekitaldian, Arbizun, Beti-Gazte Lesakakoa izan zen irabazlea, 4 puntu jasota. Bigarren Txantrea, 3 punturekin; hirugarren Berriozar, 2 punturekin; eta bakarrarekin, Antsoain.

Emakumeenak seiko taldeak dira eta Beti-Gaztek lehen ekitaldian 4 puntu lortu zituen, bigarren eta hirugarren 2,5 punturekin Berriozar eta Txantrea daude, eta laugarren Antsoain puntu bakarrarekin.

Igandean, Harri Txikiena

Eta igandean, 12.00etan, Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa jokatuko da Laukizen. Partaideak, Julen Jimenez, Inhar Urrunzuno, Mikel Lopetegi, Hodei Iruretagoiena, Aimar Irigoien eta Albaro Zugarrondo izango dira. Erabiliko dituzten harriak hauexek dira: 100 kiloko bola, 112,5eko kubikoa, 125eko zilindroa eta 125eko karratua. Bakoitzarekin hiru minutuko txanda izango dute. Lehia oso estua izango da. Irigoienek, Lopetegik eta Urruzunok sekulako maila dute eta lehia benetan ikusgarria izan daiteke.