Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Bizitzako etapa bat laburtzen duen diskoa dakar Ibai Marinek

Hamabost urte Hira taldearekin ibili ostean, atzean bost disko utzita, musika alboratzea erabaki zuen, baina ezin izan zuen luzaroan iraun. Hilabete eta erdira kantu berri eta intimoak konposatzen hasia zen. Horietako zortzik osatzen dute «Bidean naiz» diskoa.

gara-2018-11-12-Noticia

Hira taldeko liderra izan zen Ibai Marinek bakarlari moduan abiatu du orain bere ibilbide musikala. Taldearekin hamabost urte eman zituen, eta denbora horretan bost disko kaleratu zituzten. «Etapa hori itxi behar izan nuen», esan zuen Marinek, baina hilabete eta erdi soilik iraun zuela musika egin gabe. «Ezin nion eutsi, musikarik gabe ezin nuen egon», aipatu zuen bere disko berriaren aurkezpenean, Donostian.

“Bidean naiz” lana zortzi abestiz dago osatuta, eta abeslariaren etapa baten «autobiografia» moduko bat osatzen dute kantuok. Bere ikuspegirik intimoena lantzeko gogoa bazuen lehendik, eta Mutrikuko AME estudioetan grabatu duen lan honek eman dio aukera. «Ez dut ezer ezkutatu nahi, gauza asko ditut kontatzeko. Nire gauzak adierazteko erabili ditut abestiak», aitortu zuen. Izan ere, musika komunikabide gisa ikusten duela ere gaineratu zuen.

Hasierako intentzioa gitarrarekin tabernetan jotzea bazen ere, pixkanaka proiektuak harrapatu egin zuen. «‘Bidean naiz’ konstantziaren lana da. Etenaldi horren ostean ez dut gelditu nahi, bidean jarraituko dut, gogo berdinarekin etapa berri honetan», kontatu zuen diskoaren izenburuaren esanahiari buruz.

Kantak gaztelaniaz eta euskaraz daude, gaiaren arabera tartekatuta. «Nire aita duela urtebete hil zen eta berari eskaini nahi nion proiektua. Berarekin gaztelaniaz egiten nuen eta hala hasi nintzen», azaldu zuen. Aitaren heriotza oso garrantzitsua izan zen berarentzat. Boxeatzailea zen eta, horregatik, diskoaren portadan semea agertzen da esku bat bendaz josita duela. Azken abestia ere hari eskainia da, “El gran Golpeador” –aitaren ezizena El Golpeador zen–.

“Zuen ondoan” bi alabei zuzendutakoa da, bizitzan aldaketa handia suposatu diotelako. Bestalde, “Niños” abestiak lagun minarekin igarotako bizipenak kontatzen ditu.

Musika estiloak nahastuz

Musikaren oinarria Ibai Marinek jotzen duen gitarra akustikoa bada ere, talde oso bat dago atzean. Dann Hoyos gitarraz arduratzen da, Rafa Acebes piano eta hammondaz, Ramon Perez orkestrazioez, oinarri erritmikoa Alex Lobato eta Harkaitz Bastarrikaren esku utzi du, Aritz Parinak gitarra akustikoaren erritmika kudeatzen du eta Libana Taboadak zenbait abestitan ahots femeninoa jartzen du.

«Oso harro nago lantalde oso ona osatu dugulako. Oso ekipo sendoa iruditzen zait, orain arte izan ez dudana. Jendeak zurekin lan egin nahi duenean, zerbait ondo egiten ari zarela esan nahi du», bota zuen pozik.

Diskoak folk eta rock estiloak nahasten ditu, eta blues puntu bat ere badu. Gainera, gaztetatik heavy metal eta hard rock doinuak entzuten zituenez, horien arrastoa ahotsean gelditu zaiola uste du kantariak.

Bideoklipari dagokionez, toma bakarrean filmatu zutela esan zuen, zuzeneko audioarekin, «adierazteko ez dugula play-back baten beharrik». «Niretzat oso garrantzitsua da aurrez aurre egotea. Niretzat hori da egia islatzea. Adornoak oso ondo daude, baina nik nahiago nuen horrela islatu egia. Xumetasunean egin dugu lan eta uste dut horrek entzulearengana gerturatzen gaituela», iritzi zion Marinek.

Diskoaren aurkezpen bira Donostiako Kutxa Kultur Klubean abiatu zuen duela egun batzuk, Capital Tortugarekin batera (hauek ere disko berriarekin). Ondoren Bilboko, Donostiako eta Iruñeko Fnac dendak etorri dira. Hilaren 30ean arituko da Iruñean. Abenduaren 9an Durangoko Azokako Ahotsenean joko du. «Plaza garrantzitsua da euskal musikarientzat». Urtarrilean Bartzelonan pare bat kontzertu eskainiko ditu, L’illa eta Triangleko Fnac dendetan.