Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
Elkarrizketa
MARTIN ETXEBERRIA
IDAZLEA

«Nire Arkadia zoriontsu horretara itzuli nahiko nuke, Ulises bezala»

Zarautzen jaioa, laugarren poema liburua aurkeztu du, «Winston». Aurretik etorri ziren «Katiluaren ipurdia», «Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin» eta «Zakurraren poema eta beste hezurrak». Horrez gain, hainbat nobela idatzi ditu bere anaia Xabierrekin batera.

Hogei urte daramazu poemak idazten. Orain errazago ala zailago egiten zaizu?

Gehiago kostatzen zait orain. Lehen alaiago edo lasaiago idazten nuela uste dut. Aurreko liburuan ez nenbilen nire garairik onenean, eta hasierako puntu naif hori, pixka bat inozoa, faltan botatzen dut. Saiatu naiz azken honetan horretara bideratzen. Garai haietan ez nien hainbeste buelta ematen gauzei eta nahiko nuke hori berreskuratu, inoiz berreskuratzen ez den arren.

Zure egoera pertsonala, beraz, poemetan islatzen da.

Uste dut hori egiten duzun edozein gauzatan islatzen dela. Duela 20 urte liburu hura idatzi nuenean jartzen naiz, eta orduantxe, bikotekidearekin pisu batean bizitzen jarria nintzen, seme-alabarik gabe, lanean ere lasai... eta egun, hiru seme-alaba ditut, lanean ere lio gehiago ditut, tartean aita gaixotasun luze baten ondorioz hil zitzaigun. Motxila betetzen joaten da.

Liburua irakurri duten lagun batzuek esan didate Ulisesen bidaia bat egiten dudala, eta agian arrazoia dute. Txantxa moduan diot liburua itzulpen bat dela; baina itzulpena baino gehiago, itzulera bat da, nire Arkadia edo Itaka zoriontsu horretara itzuli nahiko nukeelako, Ulises Peneloperen ondora itzultzen den bezala. Neuregandik urrundu nahi izan dut eta ondoren neure burua berriz aurkitu. Beraz, gai bat izatekotan hori da, neure burua berriz aurkitzearena.

Zertan oinarritzen zara?

Saiatzen naiz ezertan ez oinarritzen. Ez dut eskemarik egiten. Ez dut tonua zehazten. Orri zuri batean hasi eta amaitzen den bezala uzten dut. Duela bost urte inguru poesia topaketa batera gonbidatu ninduten eta Anjel Lertxundik hitzaldi bat eman zuen. Esan zuen sortzailea baso batean sartzen dela, eta bertan galtzean topatzen duena idatzi behar duela. Horrek ukitu egin ninduen. Beraz, idazten hasi eta jarraitu egiten dut; poema nik bideratu beharrean, berak ea nora eramaten nauen.

Esan ohi dut poesia hauek plagio saiakera bat izan direla, baina ez zaidala ondo atera. Saiatu naiz nire gazte denboran irakurri nituen autoreen obren tankeran egiten, baina ez dut lortu. Idazle eta irakurle bezala, niretzat hasiera horietan poesiak suposatu izan zuena islatu nahi izan dut.

Zein da zure inspirazio momentua?

Normalean nire momentuak gauez, etxeko balkoian, izaten dira. Lehen erretzaile handi samarra izan naiz eta ohitura hori hartu nuen, orain erretzeari uzten saiatzen naizen arren. Oporrak hartzen ditudanean edo asteburuetan beste tarte batzuk hartzen saiatzen naiz, baina ez noa libreta batekin ideiak apuntatzen. Horretara jartzen naiz.

Orokorrean poema laburrak egin dituzu.

Prosa estilokoak pixka bat luzeagoak atera dira, baina orokorrean ez naiz oso testu luzeetara joan. Baina hau ere ez da erabaki dudan zerbait. Bakoitzak neurri bat eskatzen du.