Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Eskerrik asko

Joaquin Gorrochategui hizkuntzalariak “Historia de la Lengua Vasca” liburuan gaur egungo istorio bat kontatzen duela dirudien orain 2.000 urteko idazkun baten berri ematen digu. Harrian zizelkatutako hitzok Martres-Tolosane herrixkan aurkitu zituzten, Garona Garaian, Akitanian. Orduko sendi bateko aita, ama eta euren alaba aipatzen dira bertan, eta horrela dio: «Annius Dunohoxsis f. Calva Cassilli f. uxor Andere filia».

Aita, Annius Dunohoxsis, jatorri zeltakoa zen, galiarra, bere abizenak erakusten duen bezala. Ama, Calva Cassilli, jatorri latindarrekoa, garaiko erromatar inperioko ohiko biztanlea. Baina, eta hara hemen milaka urteko idazkunari aktualitatea ematen dion ezaugarria: aita zeltak eta ama latindarrak euren alabari euskarazko izena ipini zioten, Andere.

Adituek diotenaren arabera, galierak, latinak eta euskarak (bere akitaniar euskalki galduaren bidez) maila ezberdineko presentzia zuten egungo Frantziako hego-mendebaldean. Ez dago esan beharrik inperioaren hizkuntza latina zela, aipatu dugun familiako amaren, Calva Cassilliren, hizkuntza. Galiera, aitaren hizkuntza, dakigunagatik, erromatarrak heldu aurretik zabalkundean zebilen. Eta ordurako, atzeraka, erresistentzia fasean, zegoen Akitaniako euskara.

Baina bi hizkuntza indartsu, funtzional eta prestigiotsuenak hitz egiten zituzten gurasoek euskarazko izena paratu zioten Andereri. Zergatik? Ez bilatu erantzuna buru arrazoien bidez; ez dago hor.

Orain 2.000 urte Annius eta Calva legez, ugariak dira gure historia osoan zehar euskara jakin ez baina euren seme-alabentzako euskara hautatu duten gurasoak. Gure herrian Irribizi deitzen diegu.

Gure hizkuntzak bizirik irauteko ezinbestekoak izan diren guraso horiei guztiei eskerrak emateko, hain zuzen, seme-alabok ekitaldia egingo dugu datorren barikuan, 18.30ean, Getxoko Romoko Kultur Etxea-RKEn. Oraindik ez digute euren presentzia konfirmatu, baina seguru gaude, era batean edo bestean, bertan izango direla Annius, Calva eta Andere. Eskerrik asko Irribizi!