Aitor Agirrezabal
Kazetaria
IKUSMIRA

«Ahohilak» berpizten erokeria handi bati esker

Egiari zor, Euskaraldiaren inguruko lehen berriak entzuten hasi nintzenean, nahiko mesfidati nengoen. Han eta hemen antzeko ekimenen bat burutua zela bai, baina ez nuen argi ikusten honek izan zezakeen atxikimendu eta eragina. Onartu beharra dut «euskararen taliban» batzuen burutazio bezala ikusten nuela hau guztia.

Astebete falta da erronkari hasiera emateko eta inguruan emaitzak antzematen hasia naiz dagoeneko. «Ahohilak» ditut lagun ugari, euskaran haziak baina beren euskara hezi gabekoak. Eta, azken egunotan, abiatu dira dagoeneko beren Euskaraldia partikularrarekin, ekimenaren hasiera ofizial horri itxoin gabe. Lehen gazteleraz genituen elkarrizketa berberak euskaraz izaten hasi gara. Eta ez hori bakarrik, ekimenaren beraren balioaren inguruan ere beste erronka, mobilizazio edo gai sozial askoren inguruan baino gehiago eztabaidatzen ari gara. Ahoa bakarrik ez, gogoa ere hila zuten asko berpizten ikusi ditut.

Nafarroan ez da erraza izanen 11 egunez euskara hutsean aritzea, ezinezkoa ez esatearren. Egia bada ere, guk uste baino «belarriprest» askoz gehiago ditugula inguruan. Beste gai askotan bezalaxe, konplexuz beteta bizi gara eta gure hizkuntza izan ohi da konplexu horien biktima nagusia. Ezjakintasunaren apologia nagusituta dago nafar gizartean; lotsa handiagoa sentitzen du euskaraz egiten duenak ulertzen ez dionak baino eta Euskaraldia ere honi buelta emateko aukera izan daiteke. Arlo honetan zein beste askotan, mesfidantzen gainetik, gauza txiki zein handiak egitea ezinbestekoa da.