Jon GARMENDIA
Hilberria

Maitasunez, Aitor

Lapurdira ailegatu eta gutxira ikusi nuen Aitor, Senpereko Larraldea baserrian. Bertsularien Lagunak elkarteak han du egoitza eta urteroko batzarra egitekoa zen. Osasunez nola zebilen galdetzera nindoan, baina berak hartu zidan aurrea, bazekielako istripu bat ukana nuela eta erdipurdi ibilia nintzela. Han zen Joakin Arregi ere, Txe, Venezuelatik etorri berria, sorterria uztearen minaz dezente zekiena, baita gaitzak jota bizitzeaz ere. Oroitzen dut osasun kontuak genituela hizketaldiaren ardatz, baina momentu batean Aitorrek hona etorrita hautu ona egin nuela erran zidan. Nik derrigortuta etorri nintzela aitortu nion, kartzelari ihesi, eta berak hautua izan zela berretsi zidan, hemen egotea hautatzen duzunean han ez egotea hautatzen baituzu. Logika hori atzeman nion bere aipamenari eta pozarren daramat gogoan beti. Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurrotan lan anitz dagoela egiteke erran zidan, euskararen arloan, bertsolaritzarenean, eta denak garela beharrezko. Horretan oroitzen dut Aitor, bidea egiten eta bidea egitera animatzen, bere buruaz baino besteenaz arduratua. Jexux, Kepa, Maurice, Marikarmen, Joana, Beñat, Erik, Karlos, Xumai, Eneritz, Lierni, Txato… garaiko elkartekide guztientzat garrantzitsua zen Aitorren iritzia, baita hark isilean egindako lan eskerga ere. Amets, Odei, Sustrai, Aimar, Miren, Xan, Maddalen, Joanes, Ortzi, Gillen, Ekhi... bertsolarien pena dut gogoan. Aitorrenganako maitasuna, adostasunaren iturri. «Behar zena agian ez zigun erakusten, baina behar genuena bai», erran dit Ziburuko Hibai Zubeldiak, Aitor teknologia irakasle izan zutela oroituz. Bere alaba ttipiaren bertso irakasle izan nintzen ni, Ainhoarena, artista hutsa, eta zaharrena, Maddi Sarasua, sortzaile aparta. Biek ala biek nola maite duten aita, nola miresten duten, hori gelditu zait azalean itsatsia. Eta Maiana Lazkarai, Aitorren lagunik hurbilena, beti berekin, beti laguntzen, Itsasuko Gaztandoia etxean maitasuna biziberritzen beti. Hutsunea utzi du Aitorrek, tristezia, baina batez ere maitasuna. Txe-ri eskatu diot bertsoz agurtzeko gure kide eta laguna: «Pertsona bezala fina, sortzaile bezala bizkor/egoera txarrenean ere hi beti hain baikor/ kantari goxoagorik zaila izatea inor/ hire fauna txiki hori ez dek geldituko idor/ baina bizitzak badizkik horrenbeste bidezidor/ azkenean heriotza onartu behar derrigor/ orain hire lekukoa hartuko diagu Aitor».