Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Neurona madarikatuak!

Ez dakit klimaren aldaketa ote den ala sindikatu nagusiaren aurrekontu garaiko oldartzea, baina kontua da nire garuneko neuronak greban paratu direla egunotan, berez, kontratuz, bidali behar dizkidaten nerbio-bulkadak apropos nahastu eta matazatuz. Total, gaitz egiten zait, oso gainera, prentsako albisteak behar bezala lantzea. Kontuak atera! Osakidetzako zuzendari nagusi batek dimisioa eman duela irakurri eta hara! burura etorri zaidan lehengoa zera: Brexit-agatik izan da! Neurona madarikatuak! Neuronok ez dira neureak!

Ez, ez da erraza niretzat albisteen atzekoa, prentsa-lerroen artean ezkutatzen den hori, argitzea. Horra, lehengoan, kasurako, Ajuria Eneko ateko irudiarena. Imajinatzen nago momentuko hango maizterra, bazkalostean, Generalitatekoa kantari agurtuz, bakarka: «Agur jauna, jauna agur, agur t´erdi; konstituzioak eginak gara, zuek eta bai gu ere…». Eta kantua amaitu berritan, paper-zorroa aldatu eta Lumagorri oilaskoen ekitaldira joan zen kontu-kontari.

President-ak, ostera, Kursaalen amaitu zuen eguna, hitzetan, eta hitzen ostean taldean kantari, taula gainean zein behean kantari: “Els Segadors” eta “L´Estaca”. «Baina guztiok batera saiatu hura botatzera… Hik bultza gogor handikan, ta bultza nik hemendikan…», «Ara és hora, segadors! Ara és hora d'estar alerta!». Pozoi-belar asko baita sega egitekoa, soziopolitikaren sega-apustu berrituan. Handik eta hemendik bultzatu, bai, baina ez autopistatik, horrek bidesaria ezartzen duelako; Pirinioak eta Ebro ditugu berezko lotura, baliatu ditzagun behingoz, bestelako klima lortze aldera, han eta hemen; eta bide batez, hor ere.

“Goazen” datorrela irakurri dut, eta sindikatu nagusiaren Gernikako ekitaldi hura burura etorri ere. Ea oraingoan benetan den eta joan bagoazen! Behingoz! Bada ez, ETBko denboraldi berria zen. Neurona madarikatuak!