Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

2018/2019 Nazare Challengue: Natxo Gonzalez nagusi

Munduko olatu handien txapelketa Grant «Twiggy» Baker hegoafrikarrak irabazi bazuen ere, Natxo Gonzalez izan zen Nazare Challengue-ko protagonista. Plentziarrak surfaren historiara pasako den tuboa egin eta olatu handietako surfaren maila igoarazi du.

Ezinezkoa zirudien zerbait egin zuen Natxo Gonzalez plentziarrak pasa den ostiralean Portugalen amaitu zen olatu handietako munduko surf txapelketan. Nazareko olatu erraldoi batean egin zuen tuboak aurreikuspen guztiak gainditu zituen eta bide batez, olatu handietako surf maila igo zuen.

Aurrerantzean Nazaren hamarreko bat lortu nahi duen lehiakideak Gonzalezen tuboa gainditu beharko du, eta hori berriz gertatzea zinez zaila izango da, baina gertatzen bada ere, marra gorria hausten lehena Gonzalez izan zela gauza jakina izango da. Hori oso garrantzitsua da, txapelketaren irabazlea ez bezala, olatu handietako surfaren historian urrats esanguratsu bat eman zuen surflari gisa oroitua izango baita lehiakide plentziarra.

Nazareko olatu bitxia

Nazareko urautsia aproposa da tuboak egiteko olatuak handiegiak ez direnean, horregatik egiten dute bertako hondartzan munduko bodyboard txapelketa. Ordea, olatuak zinez handiak direnean, urautsia hondartzatik urrun lehertzen da, labarren parean, eta eremu horretan jasotzen den uhin mota ez da tuboak egiteko batere egokia.

Itsaskiak zinez handiak direnean itsasargiaren aitzinean lehertzen den olatu famatua oso olatu berezia da. Urautsiaren alde batean (itsas hondoan) dagoen kanoi batek errebote moduko uhin bat sortzen du eta ondorioz ur masa handiak puntu jakin baten biltzen dira. Horri esker, olatua ohikoa baino gehiago jasotzen da, eta horregatik dute bertako olatuek ohikoa baino altuera handiagoa.

Erreboteak jasotako olatua hiruki forma perfektuan lehertzen da bi alboetarantz. «Pikoa» lehertzen den unean tubo erraldoi bat sortzen da, baina behin lehertu ostean tuboak ez du irtenbide garbirik, guztia ur masa lodi bat bilakatzen baita.

Halako olatuak, txikiagoak direnean, tubo laburrak egiteko egokiak izan daitezke, olatua alde batean hartu eta «pikoa» tuboan zeharkatu ostean, guztia ur masa bilakatu aitzin atera baitaiteke surflaria. Baina hori olatu askoz txikiagoekin egiten da, surflariak olatua mendean hartzeko moduko olatuekin, taularen ertzek surflariak bere hanka indartsuekin emandako aginduei erantzuten dietenean.

Pasa den astera arte inork ez zuen pentsatzen halako zerbait 10 metroko olatu batean egin zitekeenik, eta are gutxiago Nazareko urautsian, baina Natxo Gonzalezek egin zitekeela frogatu zuen, eta tubo horrekin, olatu handien surfaren historian kontuan hartzeko urrats esanguratsu bat eman zuen. Zeren gauza bat da Hawaiiko Pe’ahi urautsian tubo bat egitea eta bestea, oso bestelakoa, Nazaren egitea.

Nazare vs Pe’ahi

Urautsi edo olatu bakoitzak izaera propioa du. Horregatik, surf zirkuituak osatzerako orduan olatu mota desberdinak eskaintzen dituzten lekuak hautatzen saiatzen dira antolatzaileak, txapelketa guztiak berdinak izan ez daitezen eta surflariek baldintza desberdinetan surf egiteko gai direla erakutsi dezaten. Olatu handien itzulian ere antzeko zerbait gertatzen da.

Ez dira asko Big Wave World Tour zirkuitua osatzen duten txapelketak, baina haietako bakoitzak gainontzeko lekuetatik bereizten duen ezaugarri nagusiren bat izaten du.

Nazareko olatuak esaterako, piko forman altxatzen den ezohiko olatu bat eskaintzen du. Puerto Escondidoko olatuak berriz, altuera baino gehiago zabalera eskaintzen du, eta tuboak egiteko leku egokia da. Maverickseko olatuak berriz, ez du ibilbide luzea, baina jaitsiera zaila du. Eta Hawaiiko Pe’ahi urautsiak altuera eta zabalera eskaintzen ditu, beraz olatu erraldoietan tuboak egiteko munduko leku bakanetakoa da.

Olatu handietako tubo ikusgarrienak beraz, Pe’ahin egin ohi dira. Horrek ez du esan nahi Pe’ahin tubo bat egitea erraza denik, baina urautsi hawaiiarrak dituen berezitasunengatik, Pe’ahin tubo bat egitea Nazaren baino errazagoa da eta gainera uraren tenperatura epelak ere laguntzen du, surf taulek hobeto erantzuten baitiete surflarien mugimenduei. Ur hotzetan, taulak gehiago flotatzen du eta surflariek indar gehiago egin behar izaten dute taula gainazaletik gehiegi bereiz ez dadin.

Natxo Gonzalez (EUK)

Duela bost urte proba moduan Galea Puntan antolatu zen olatu handien munduko txapelketa irabazi ostean, inoiz halako txapelketa irabazi zuen surflari gazteena bilakatu zen Gonzalez. Garaipen horri esker hurrengo denboraldian lehen mailako lehiaketetan parte hartzeko gonbita jaso zuen, baina ez zuen lehen mailan segitzea lortu. Aurten ordea, berriz ere goi mailan da.

Olatu handietan lortu dituen emaitzengatik da ezaguna Gonzalez, baina kontuan izan behar da oso gaztea dela (22 urte), zeren olatu handietako surflarien batez besteko adina 40 urtetik gertuago dago 20 urtetik baino. Horrela, olatu handien munduan sartu aitzin emaitza oso onak bildu zituen plentziarrak Europa mailako txapelketetan, hortaz, olatu handietan bakarrik ez, olatu txikietan ere oso ongi moldatzen da Gonzalez.

Munduko olatu handien zirkuituan lehiakide gazteena izan zen eta birritan bereganatu zuen olatu handietako komunitatea osatzen duten surflari famatuen begirada. 2015. urtean esaterako, sekulako erorketa izan zuen Pe’ahiko txapelketan eta XXL hautapenetan erorketa arriskutsuen atalean sartu zen.

Pasa den astean Nazaren egin zuen tuboarekin ere XXL hautapenetan “Ride of the Year” edo urteko surflariaren atalean izendatua izan da Gonzalez, ondorioz, datorren udaberrian sari berezi bat jaso dezake, bere irudiak epaile gehienen botoa jasotzen badu.

Emaitzei dagokienez, iaz bezala, hirugarren postuan geratu zen Nazaren Gonzalez. Oso ongi lehiatu zen, urautsia etengabe mugitzen den eremu zabal batean olatu handienak patxadaz itxaron eta hautatu zituen, eta behin olatua hartu ostean ere bikain aritu zen. Olaturik onena, 20 puntu jaso zituena (puntuazio gorena da, hamarreko bat jasotzea bezala), finalerdietan egin zuen, baina finalak iraun zituen 60 minutuetan ere oso ongi aritu zen.

Grant «Twiggy» Baker

Aurtengo BWWT itzulia soilik 3 txapelketek osatzen dute eta Nazarekoa izan da denboraldiko lehena. Beste biak, Mavericks (Kalifornia) eta Pe’ahi (Maui) urautsietan egingo direnak, itxaronaldi epean daude, lehiaketa ahalik eta baldintza egokienekin egiteko itsaskien zain. Itxaronaldi epea, gehienez martxoaren 31 arte luza daiteke.

Gauzak honela, Praia do Norten egin zuten txapelketako emaitzekin abiatu da 2018/2019 sasoiko olatu handien rankinga. Ondorioz, Nazaren irabazi zuen Grant Baker hegoafrikarra da BWWT rankingeko burua.

Baker ezaguna da Euskal Herrian, bera izan baitzen 2013/2014 denboraldian Punta Galean irabazi zuen lehiakidea. Urte horretan BWWT itzuliko txapelduna izan zen eta baita 2016/2017 sasoian ere. Beraz, bi bider munduko txapeldun izan da 45 urteko hegoafrikarra.

Bakerrek olatu handietan eta txapelketetan duen esperientzia agerian geratu zen Nazareko txapelketan. Olatu handienak berak hartu zituen eta maisutasun osoz burutu zituen jaitsierak, horri esker lortu zuen garaipena surflari beteranoak. «Sinetsi ezinik nago, gazte hauek hain gogor surf egiten ikusita aukera gutxi nuela uste nuen, baina behar nuen olatua etorri zen», azaldu zuen Bakerrek pozarren.

Bigarren postua iazko irabazlearentzat izan zen. Lucas Chiancak olatu luzeenak egin zituen, baina ez handienak. Hala ere sekulako maila erakutsi zuen brasildarrak eta ikuskizun ederra eskaini zuen.

Honi buruzko guztia: Surf