Amagoia MUJIKA
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

AMURIZAK, ETXEAN FIN-FIN JOKATUTAKO PARTIDAN, FINALEKO AULKI BAT GORDE DU

BIZKAIKO TXAPELKETAK KOSKA BAT GORA EGIN DU. LEHEN FINALAURREKOA JOKATU ZEN ATZO BERRIZEN, 650 ZALEREN AURREAN. MIREN AMURIZAK ETXEAN JOKATU ETA FINALEKO LEHEN AULKIA BERETZAT GORDETA UTZI DU. LANGILE ETA ZORROTZ ARITU ZEN ETA KARTZELAKOAN HAIN BEREA DUEN AHOTSA ETA HAIN LANDUA DUEN IKUSKERA AGERTU ZITUEN BERRIZTARRAK. TANTO GUZTIAK BALIATU ZITUEN.

Herrian jokatzeak badu xarma berezia, baita aparteko estuasuna ere, segur aski. Hasierako agurrean aitortu zuen Miren Amurizak askotan aritua zela Berrizko herriko frontoian lagunekin. Nonbait, baina, jokatzen baino markadorean jartzen zuten maizago, «ni gradetan atzamarreitan cheetosei eutsita tinko». Atzoko finalaurrekoan ez zuen tanto bakarra alde egiten uzteko asmorik eta hasieratik igarri zitzaion. Ariketa guztietan oso langile eta, kartzelakoan, esan nahi duenetik gertu.

Polita izan zen, gainera, Unai Mendiburuk eta Miren Amurizak kartzelakoan antzeko ertzetik abestu baitzuten, baina bakoitzak bere zapatetatik.

Hauxe zuten bakarkako gaia: Asmo onez egin duzu, baina ez dau ondo hartu. Hauxe, Amurizaren lehena: «Hamalau urte daukadaz eta bikotean perspektiba/ da joatea lokalera ta botatea sofa erdira/ nire gaiñean jarri da eta kuleroak erretira/ sartu atara, atara sartu, ziostan hau da desira/ amaitu dogu ta oihukatu dau ‘biba Miren, Miren biba’/ eta ni barriz isil-isilik, goiko lanparei begira». Bigarrenaren bukaeran, besteak gaizki hartutakoa: «...hoba masturbatzen hasi/ belarri ertzera joan da esan deutsat; ikusi eta ikasi». Eta, hirugarrenean, errematea: «...‘zer uste dozu baina zuk Miren, ni lerdotzat al naukazu’/ ez, ez maitea, lerdoa ez baina, nobatotxoa zara zu/ eta esplikau deutsudan dana oaindiño argi ez badaukazu/ topau Googlen klitoria ta bertan agertuko jatzu».

Bukaerako agurrean, txantxetan, bertso eskolako haurrak izan zituen gogoan eta hitza eman zien aste honetan bere bakarkakoa aztertuko dutela.

Aipatu bezala, Unai Mendiburuk, atzoko gazteenak eta seigarren postuan geratu zenak, antzeko egoera irudikatu zuen, baina beste aldetik. «Berak hemeretzi urte, nik hamazazpien duda/ kotxean datorkit bila hor hasteko abentura/ nire parean jarri den Opel Corsa txiki hura/ ikusi dut, bai, Leire da, beraz banoa barrura/ gero arropak kenduta, bizkortzean kalentura/ azkenik begiratu nau mozolo baten modura/ ze tamalez bukatu dut, hasi ta hogei segundura».

Xabat Galletebeitiari ere sumatu zitzaion Bizkaiko Txapelketan egina duen bidea, eskarmentua. Kartzelakoan, gogoeta ederra utzi zuen alzheimerra duen aita zaintzen ari denaren azaletik. «Berez daukan jenioa gaitzaz aurretikoa zen/ baina orain errazago ez ote nau alboratzen/ etxera itzuli gara esan diot bai goazen/ neure barruko zalantza ta egonezinen almazen/ nire intentzio onak ez al du ezer kontatzen/ aurre egin beharko zaio, ahalik eta errazen/ zaindu maite duzun hori, ohituta gaude kantatzen/ baina askoz zailagoa da zaintzen duzuna maitatzen».

Hirugarrena, Aitor Bizkarra, behin eta berriz iritsi zen plazara. Oso estilo propioa du, hitzen eta ideien joskera samurra eta ederra. Hamarreko txikian perla ederrak utzi zituen, asko bidaiatzen duen bikotearen parean hotz samar agertzen denaren azaletik. «Kariñoa zan gure etxeko zutabe/ baina hementxe gaude karakol ta bare/ beheko sua hor dago xuabe-xuabe/ ipini nahi baduzu San Juan suan pare/ ekiozu hainbeste diseinatu gabe».

Imanol Uriak eta Miren Amurizak jositako hamarreko txikia ere polito joan zen. Uria, eskarmentudun irakaslea eta, Amuriza, hasiberria, dena zalantzan jarri eta dena aldatu nahi duena. «Lasai lehendik izan dut bastante kargu/ jada gogortu zaizkit aurpegi ta larru/ beraz ez egin niri hainbeste amarru/ landu zure teori ta zure esparru/ ni jubilatuko naiz hilabete barru», abestu zuen Uriak.

Erezumak bere umore berezi hori luzitu zuen, «probisionalki» finalean dagoela kantatuz.

Bertsolariak

Miren AMURIZA 515,5

Xabat GALLETEBEITIA 503,5

Aitor BIZKARRA 485,5

Imanol URIA 479

Julen EREZUMA 464,5

Unai MENDIBURU 460