Amalur ARTOLA
DURANGO

Zinema bultza eginez dator 53. Durangoko Azokara

Hasi dira Landako Gunea euskal kulturgintzaren plaza bilakatzeko lanak. Abenduaren 5etik 9ra, bost egunez 247 stand eta 439 nobedade hartuko ditu hainbat berrikuntzarekin datorren 53. Durangoko Azokak, horien artean nabarmentzekoa Irudienea hartzen ari den indarra: hainbat filmen aurrestreinaldiak hartuko ditu, besteak beste. Hala ere, gune bakoitzak mimoz osatu du bere eskaintza, eta guztiak datoz berrikuntzekin. Hasi da atzera kontaketa.

Aniztasuna eta berrikuntza. Horiexek dira atzo goizean Durangoko Azokaren aurkezpenean antolatzaileek bolo-bolo erabili zituzten hitzak. Izan ere, euskal kulturgintzaren plaza osatzen duen espazio bakoitza ekarpen eta proposamen berriarekin dator aurtengo edizioan.

Gerediagako Nerea Mujika izan zen hitza hartzen lehena, datu orokorrak zerrendatzeko: abenduaren 5etik 9ra ospatuko da DA eta, ohi denez, «azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren isla» izango da 247 stand, 439 nobedade (304 liburu, 3 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta 23 bestelako), 200etik gora kultur ekitaldi eta 17 autoekoizleen bidez (aurreko urteetan baino bat gehiago).

Sortzaile berriei ere leku egingo die azokak, Sormen Bekaren bidez: urterokoa izateko jaio den beka honek euskarazko kultur produktu baten sorkuntza lagunduko du eta, Mujikaren hitzetan, «oso pozik» daude antolatzaileak, 28 proposamen aurkeztu baitira lehen deialdira. Irabazlearen izena Landakon emango da, abenduaren 9an, eta 2019ko Azokara arte itxaron beharko da «Sormen Bekaren lehen emaitzaz gozatzeko».

Ia 600.000 euroko aurrekontuarekin –iazkoaren antzerakoa–, Azokak egiten duen ekarpena handia dela nabarmendu nahi izan zuen Mujikak: «Alde batetik, euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona». Hori esanda, Mujikak Azokako espazio ezberdinetako kudeatzaileei eman zien hitza, 53. ediziorako dituzten proposamen eta berrikuntzak aurkezteko.

Irudienea indartsu

Indartsu dator Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza. Euskal zinemagintzak azken urteetan izan duen zabalkundea bultzaka dator Azokara eta, Zugaza zineman egongo den espazio honetan, 11.00etatik 21.00etara, ikus-entzunezkoen aurkezpenak izango dira: sortzaileak, aktoreak, zuzendariak… pasako dira bertatik, euren azken lanak eta argia 2019an ikusiko dutenak aurkeztera, tartean “Gu, Laboa”, “Gure oroitzapenak”, “Muga deitzen da pausoa”, “Soinujolearen semea” edo “Margolaria”. Azken hiru film hauen aurrestreinaldiak ere hartuko ditu Irudieneak (gonbidapen bidez, Zugaza zineman bertan jasoko dira) eta baita Koldo Almandozen “Oreina” filmean (Irizar Saria aurtengo Zinemaldian) oinarritutako hiru film labur eta Telmo Esnalen “Dantza” filmean oinarritutako serie dokumentalaren lehen lanaren estreinaldia ere.

Kazetarien galderei erantzunez, Mujikak nabarmendu nahi izan zuen gune bakoitzak bere nortasun eta profila badu ere, «euskal zinea indartsu» datorrela eta «aurrera begira ere hala izango da. Igarri diogu Azoka barruan ere, ekitaldiak eta espazioak gehitu direla kontuan hartuta», eta «bultzada bat» eman nahi izan diotela ziurtatu zuen. Eta ideia bat azpimarratu nahi izan zuen: Irudienea indartsu etortzeak ez du esan nahi gainerakoak makal datozenik.

Ahotsenean aniztasuna

Ehun eskaeratik gora izan dira aurten hamaika urte beteko dituen Ahotsenean parte hartzeko eta, horietatik, 70 kontzertu eta 42 solasaldi eskainiko dituzte. Lehen diskoarekin datozen taldeak, ibilbide luzekoak, popa, trapa, elektronikoa, bakarlariak… «aniztasuna» ez dela faltako ziurtatu zuten, ezta solasaldietan ere: musika, literatura, komikigintza eta bertsolaritza izango dira mintzagai nagusiak.

Plateruena formatu handian

Ahotsenea itxitakoan, Plateruenan jarraituko du musika eskaintzak, formatu handiko kontzertuekin. Huntza (5), Esne Beltza (6), Modus Operandi (7), Anestesia (8) eta Olatz Salvador (9, doan) izango dira protagonistak. Berritasun gisa, Azoka TBrekin elkarlanean, “Hautsi Bolumena” musika saioa egingo da Plateruenatik bertatik.

Azoka TB ibiltaria

Artistekin elkarrizketak, zuzenekoak eta bideoklipak izango dira “Hautsi Bolumena” saio berriaren zutoinak, baina ez da Azoka TBren nobedade bakarra: ibiltaria izango da aurten, eta gune ezberdinetan gertatzen dena kontatuko dute. Azokan bertan, webgunean (www.durangokoazoka.eus) eta tokian tokiko telebistetan emango dira ekoizpen propioko eduki hauek.

Szenatokia egunero

Antzerkiak eta dantzak duten oholtza honetan, egunero ikuskizun bat izango da, ikasle egunean izan ezik: abenduaren 5a antzerkigintza ezagutarazteko baliatuko dute. Hikaren “Txarriboda” (6), Larruaren “Baserri” (7), pieza laburren maratoia (8) eta Benetan Be-ren “Inondik inora” (9) ikusi ahalko dira.

Saguganbara bete-betea

Azken urteetako egitarau «anitzena eta beteena» iragarri zuten. Sormen tailerrak, pailazoak, liburu aurkezpenak, tailerrak, bertso saioak, musika ikuskizunak… eta, berrikuntza gisa, ahozkotasunari keinu eginez ipuin kontalarien maratoia izango da.

Kabi@ Landakora

Domoa utzi eta Landako Gunean hartuko du aterpe Kabi@k. Jolasmatika mahai jokoa eta hezkuntza formal eta informalaren korapiloak (5), euskarazko bideo jokoen eszena (6), Wikipedia proiektuak (7), proposamen anitzak ezagutzeko aukera (8) eta Uztaritz Beteluren erakusketa (9) izango dira ekimen nabarmenenak. Azken honetan, artista donostiarrak bere sorkuntzen eta adimen artifizialaren gaineko hausnarketa bideratuko du.

Areto Nagusian gogoeta

Sortzaileek, erakundeek zein gizarte mugimenduek Landakoko Areto Nagusian izango dute euren proposamenak aurkezteko abagunea eta, Gogoetaren Plazan, abenduaren 6, 7 eta 8an hiru gai landuko dira: 68ko belaunaldia, sormena eta gaurkotasuna eta kultura transmisioa eskolan.

Garraio publikoaren sarea

Edukiak aurkeztuta, Mujikak Euskaraldiari keinu eginez hizkuntza ohiturak eraldatzeko deia egin nahi izan zuen eta, amaitzeko, azken berrikuntza iragarri eta horri lotutako eskaera egin zuen: Iurretako ordainlekuaren alboan aparkalekuak egokituko direla eta bertatik Landakora 20 minutuero eta doan autobusak izango direla, 10.30etik 20.00etara. «Aprobetxatu egiten dugun lan hori ere –eskatu zuen Mujikak–; bost egun dituzue errutinatik atera eta Durangoko Azoka bakoitzak bere modura bizitzeko».