Asier AIESTARAN
PILOTA

Bengoetxea, eta fokuetatik kanpo geratu diren besteak

Imazekin jokatuta, leitzarrak argi du defentsan arituko dela askotan, baina horren alde ona ere ikusten du.

Irribarria-Zabaleta, Olaizola II.a-Albisu eta Elezkano II.a-Rezusta izan dira asteartean Binakako Txapelketa aurkeztu zenetik gehien nabarmendu diren bikoteak, pilotazale gehienek faboritotzat jo dituztenak. Baina faborito izate horrek badu bere alde txarra ere, ikusminari behar bezala erantzun beharrak sortzen duen presioa, alegia.

Horri heltzen zion, esaterako, foku nagusietatik kanpo geratu den Oinatz Bengoetxeak. Leitzarrak Ander Imazekin jokatuko du txapelketa, eta argi utzi zuen presiorik gabe jokatzea izan daitekeela beraien indarguneetako bat. «Askotan hala izaten da. Presio gehiegi gabe jokatuko dugu eta horrek ere bere alde ona izan dezake. Izenak bakarrik ez ditu partidak irabazten eta saiatuko gara gure jokoa egiten, baina libre jokatzeko aukera daukagu, eta ea horrek laguntzen digun», onartu zuen aurkezpen ekitaldiaren ostean.

Hala, zale edo komunikabideen aldetik presio gehigarririk ez izateak ez du esan nahi lehiaketa galdutzat ematen duenik, ezta gutxiago ere. «Anderrekin jarri naute eta pozik nago. Bikote bezala jokatu dugunetan lan ona egin dugula uste dut eta aitzakiarik ez, alde horretatik. Argi dago ez garela txapelketako jotzaileenak, eta partida askotan dominatu egingo gaituztela. Hori badakigu hasieratik, baina borrokalariak gara biok eta norgehiagoka bakoitzean dena ematera irtengo gara».

Faboritoez galdetuta, Oinatzek ere ohikoak aipatu zituen: «Aspeko lau bikoteak oso indartsuak dira. Jotzaile asko dituzte, artistak ere bai, eta Aimar eta Albisuren bikotea ere sekulakoa da». Baina beraien aukerak ere gutxietsi gabe: «Guk gure aukerak baliatu nahi ditugu eta lortzen badugu egon gaitezke lehian partidak irabazten».

Kanpoan geratzeko arriskuaz

Eta harrigarria bada ere, leitzarrak esan zuenez, txapelketatik kanpo geratzeko arriskua ere ikusi du uneren batean. «Nik gaur egun ez dut deus ikusten argi. Pilotari gazteek ere beraien aukerak behar dituzte, eta kirol ikuspegitik hori ere ulergarria da. Arriskua ikusi dut, bai», erantzun zion zintzotasunez kazetari baten galderari.

Uda garaia ez da erraza izan beretzat, Asegarcek torneo nagusienetatik kanpo uztea erabaki zuelako, baina Lau eta Erdiko Txapelketan argi erakutsi du enpresako aurrelari onentsuenetakoa dela. Finalerdietara iritsi zen, berak eta Urrutikoetxeak bakarrik lortu zutena –hirugarren posturako lehian Zaratamokoak irabazi egin zion–.

Astelehenetik aurrera –Tolosan jokatuko dute Bengoetxea-Imazek Artola-Mariezkurrenaren aurka– lau hilabete izango ditu leitzarrak bere gaitasuna berriz erakutsi eta finalerdietan sartuz ezustea emateko.

Mariezkurrenaren «ametsa»

Galtzeko askorik ez dutenen artean, Artola eta Mariezkurrena aipatu behar dira. Profesional moduan lau hilabete bakarrik daramatzan 19 urteko atzelari gaztea izango da debutari bakarra txapelketan, eta erronka handia jarri diote aurrean. «Errespetua beti ematen du, txapelketa oso luzea delako. Eta izen handi hauen aurka jokatzeak ere bai. Niretzat ikaragarria da, ametsa da. Baina azken hilabete hauetan pilotari hauen kontra jokatzea tokatu zait eta uste dut maila ona eman dudala». Hori argi utzita, Ion Mariezkurrenak oso argi du presioa beste batzuek izan behar dutela. «Oso berria naiz hemen eta presioa beste batzuek izan beharko dute niri irabazteko. Besteak izango dira faborito nire aurka jokatzen dutenean, eta ez daukat galtzeko ezer, dena irabazteko». Hori bai, Iñaki Artolarekin oso pozik jokatuko omen du: «Uda ikaragarria egin du eta dezentetan jokatu dugu elkarrekin, 7-8 partida behintzat bai, eta gehienak irabazi egin ditugu, ongi jokatuta gainera. Ongi ulertzen dugu elkar kantxan eta espero dut txapelketa honetan ere horrela izatea», gaineratu zuen.A.A.