Asier AIESTARAN
PILOTA

Kaiola zaporearekin hasiko da Binakakoa

Altuna III-Martijak eta Ezkurdia-Galartzak ekingo diote Txapelketari Amezketan.

Binakako Txapelketaren ekitaldi berri bat hasiko da gaur gauean Amezketako Larrunarri pilotalekuan (23.00, ETB1). Eta lehen urratsak kaiola zapore argia izango du, Lau eta Erdiko Txapelketaren finala jokatu berri duten bi aurrelariak, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, nor baino nor ikusiko ditugulako berriz ere bost egun beranduago.

Baina gaurkoan ez dira bakarka jardungo, eta beraiek adinako garrantzia izango dute euren atzelariek. Altunak Julen Martijarekin jokatuko du bere herriko pilotazaleen aurrean, eta Joseba Ezkurdia kaiolako txapeldun berriak Ladis Galartza izango du bizkartzain. Bikoteak egiterako garaian argi utzi du Aspek gaur egun Altuna eta Ezkurdia jartzen dituela bere aurrelarien zerrendaren puntan, eta ez dute jokatuko atzelarien rankingean buru diren biekin, Zabaleta eta Rezustarekin, alegia.

«Elkar ongi ezagutzen dugu eta espero dut lan on bat egitea, nahiz eta partidaren bat gehiago galdu ala irabazi. Gurea eman eta bikote bezala gehitu», eskatu zion Jokin Altunak Martijarekin osatuko duen bikoteari txapelketari begira. Iaz ere batera jokatu zuten, lan bikaina eginez eta maila aparta emanez: finalerdietan sartu ziren. Eta gaurkoari begira, antzeko mezua zabaldu zuen Buruz Buruko txapeldunak. «Partida zaila izango da, denak bezalaxe, baina ea gure jokoa egiteko aukerarik dugun eta puntua lortzen dugun», aipatu zuen aurkezpen ekitaldiaren ostean.

Jokinek, hori bai, argi utzi zuen bere bikotea ez duela faboritoen artean ikusten, eta bai, esaterako, Olaizola II.ak eta Albisuk osatzen dutena, goizuetarrak kontrakoa esan bazuen ere. «Aimar ezagutzen dugu. Ez dakit berak zer esango duen baina argi daukat faborito nagusienetakoa dela txapela janzteko, Danel [Elezkano] eta Beñat [Rezusta] eta Iker [Irribarria] eta Jose Javierrekin [Zabaleta] batera. Baina uste dut merezi duela Jon Anderrekin jokatzea, hainbeste urtean pilotari eman dion guztiagatik eta beti eman dituen abantaila guztiengatik».

Faboritoak faborito, pronostikoak alde batera utzi eta iritsi da kantxara irteteko garaia.

Ladis Galartza, lehiari ekiteko gogoz

Pilotariren bat txapelketa hasteko gogoz baldin badago, hori Ladis Galartza da. Zalantza batzuen ondoren, eta azken partidetan maila ona eman duela ikusita, Aspek Baraibarko atzelariaren aldeko apustua egin du. «Azkar dator partida baina kasik hobe, azkar jokatzea eta txapelketari ekitea», onartzen zuen nafarrak, Ezkurdiarekin jokatzearekin ere oso pozik. «Oso ongi moldatzen gara biok eta ea gustura jokatzen dugun elkarrekin eta partida onak egiten ditugun», eskatu zuen, bere aurrelariaren jokoa goraipatuz. «Asko sartzen da airez, indar handia ematen dio pilotari, postura guztietan ongi moldatzen da…». Eta berak ere aurrerapauso bat eman nahi du: «Esperientziak balio du, partida guztiek. Urteak pasatzen dira, partida asko jokatzen dituzu… Uste dut urte guztiko martxak asko balio duela.A.A.