Imanol Intziarte
Kazetaria
IKUSMIRA

Erriberako afrikarrak eta patuaren indarra

Atzo Euskaraldia hasi zen eta hara, niri tokatu zait Ikusmira hau idaztea. Kasualitatea. Patuaren indarra izango da, Mecano taldeak abesten zuen moduan.

Hori dela eta, A ereduaren seme honek lehen aldiz idatziko du zutabetxo bat euskaraz. Hots, lehen aldiz euskal kazetaria izango naiz, batzuen aburuz. Niri bost axola, baina argi dago gaiak hautsak harrotzen dituela.

«Euskal» adjektiboa. Hizkuntza edo geografia? «Euskara erabiltzen duen pertsona» edo «euskal herritarra» adierazi nahi du? Ostegunean bertan irakurri nuen honi buruzko ika-mika bat. Zehaztasun semantikoaren gainetik, agian hitzak tentuz erabiltzea ez da ideia txarra izango.

Kontziente naiz ere euskara normaltasun osoz erabili nahi duenari oztopoz betetzen zaiola bidea, eta minduta sentitzeko arrazoi bat, eta bi, eta hiru baino gehiago dituela.

Joan den astean irudi bitxia ikusi genuen Erriberako greba batean, langile ia guztiak Ipar Afrikakoak eta esku artean zeukaten pankarta euskaraz eta arabieraz. Etorkizuna.

Kirol gutxituek bezala, hizkuntza minorizatuek ez dute inor soberan. Baloia ondo pasa, bikain plakatu, arauak Atik Zra menperatu… Bi aukera daude, akatsak kritikatu eta jendea izutzea edota akatsak zuzendu eta esfortzua txalotzea. Bigarrenean nago ni, baina bakoitzak bere buruak agintzen diona egin dezala.

Hurrengo hamar egunetan euskaraz ahalik eta gehien hitz egiten, idazten eta txiokatzen saiatuko naiz/gara. Gero gerokoak. Aste eta erdi ergatiboaren diktaduraren azpian, bai erronka gogorra. Goazen beldurrik gabe.