Maider IANTZI
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

NEREA IBARZABAL IRABAZLE, IGORRERA MINIATURAZKO BASO BAT EKARRITA

Sarrerak amaituta eta ia 700 lagunekin pilotalekua beteta, saio eder eta bero batez gozatzeko aukera izan zen atzo Igorren. Oholtzan ageri zen irudia pixkanaka aldatzen ari den errealitate baten isla izan zen: lau emakume eta bi gizon aritu ziren kantari. Azaroaren 25a ere bazen eta bai gaietan bai horiei heltzeko moduan hagitz presente egon ziren betaurreko moreak.

Agurretik beretik hasi zen Nerea Ibarzabal irudimentsu, airean marrazten ari balitz bezala: «Igorreraino heldu da baso bat miniaturan/ pagoen esperientzia enborraren zimurduran/ urki gazteak, haritzak, artearekin loturan/ arnasgune bat Bizkaiko pinuaren diktaduran/ ez dut nahi kimaketarik, ez jarri bonsai itxuran/ nola sasi ta asunak nola neureak ditudan/ saio amaierararte eduki nahi zaitut dudan/ zu sartu zaren basoan edota basoa zugan».

Eta bai, antzeko sentsazioa sortu zigun guri behintzat. 514 puntu pilatuta, Markina-Xemeingoak Igorreko saioa irabazi eta finalerako txartela poltsikoratu zuen. Trebe ibili zen saio osoan eta gorantz hegan ikusi genuen. Kartzelako puntuei primeran erantzun zien eta “Gaur arte gogor defendatu izan duzu. Orain zalantza sortu zaizu” gaiari ere bai hiru bertsotan, Azaroaren 25arekin lotuta gainera.

«Ez dut nahi justizia bat bakarrik zigorrarena/ ez dut egin nahi jende arte bat hortan oinarritzen dena», amaitu zuen bigarrena. Eta hona hirugarrena: «Baina bestela dena zalantza eta dena da zingira/ eta zer egin bortxatzaileak gugana etortzen badira/ diskurtsotatik sarri egin dut hari luzeetan tira/ eta oraindik ez dut aurkitzen soluzioan segida/ momentuz soilik kartzela dugu eta egia hori da/ denon artean egin behar dugu horrentzat alternatiba».

Irriz eta negarrez

Onintza Enbeita izan zen bigarren, 497,5 punturekin. Saio ederra egin zuen berak ere, irria ateraz batzuetan eta bihotza uzkurtuz bertzeetan. Umorearen adibide, zortziko txikian Malen Amenabarrekin osatu zuen ariketa. Malen autoa aparkatzen hasi denetik Onintza oinezkoa Malenek eskatu gabe argibideak ematen hasi zaio kanpotik. 5 minutu daramatza aparkatu ezinda. «Egin beharko deutzut egun baten kasu/ baina eiten deustazu orain enbarazu/ aurrera ta atzera nabil pausuz pausu/ bajauko naiz eta zuk aparka ezazu», bota dio Larrabetzuko gazteak. Eta abil erantzun Muxikakoak: «Aginduak emoten handik ta hemendik/ ta kendu gura nauzu itxuraz paretik/ gaur zuri laguntzea lortu nahi neuke nik/ aparka neike baina ez daukat karnetik».

Kartzelakoan, engainuari eta engantxatzen duten harremanei buruz bertso hunkigarriak sortu zituen muxikarrak. Lehena: «Zapatu baten topatu neban gizon sendoa itzela/ ta pentsau neban horrelakoak gitxi egongo direla/ mingain labana, begi sakonak, gozoa eta epela/ urtebetera alkartu eta aitortu euztan horrela:/ ez dot esango alperrik joan direnik mila gaubela/ baina aspaldi ezkondu nintzen etxean daukat neure gela/ ta gaur lagunek oratu eta hau da albiste ustela/ esan deuztie haren andrea lau hileko dagoela».

Eneko Abasolo “Abarkas” gustura gelditu zen hirugarren postuarekin (487,5). Bai hasierako bai bukaerako agurrean, intrigaz utzi gintuen «aurtengoa azkena dugu, agian ez agian bai» kantatuz. Amaierako agurrean publikoak ere lagundu zion abesten, erranen zuena asmatuta. Bera lanaren erakusgarri izan zen hamarreko txikian Amenabarrekin izan zuen elkarrizketa, adinekoaren eta zaintzailearen paperean, hurrenez hurren.

Malen Amenabar izan zen aurpegi berria. Freskoa eta indartsua. Laugarren egin zuen (474,5). Jarraian gelditu ziren Oihana Bartra (467,5) eta Beñat Ugartetxea (460,5), bertso onak utzita. Bilbotarrak lan polita egin zuen Ibarzabalekin hamarreko txikian, lagun bat bisitatzeko kartzela urrun batera joateari buruz. «Baina batzuk badugu jada nahiko adin/ eta arduratuta eguraldiakin/ nola ez ote didan honetxek eragin/ nahiz ta hontara ere ohitu garen arin/ nik beldurra sentitzen dut gaur bardin-bardin».

 

Bertsolariak

Miren AMURIZA                515,5

Nerea IBARZABAL             514

Xabat GALLETEBEITIA       503,5

Onintza ENBEITA              497,5

Eneko ABASOLO               487,5

Aitor BIZKARRA                485,5

Imanol URIA                    479

Malen AMENABAR             474,5

Oihana BARTRA                467,5

Julen EREZUMA                464,5

Beñat UGARTETXEA          460,5

Unai MENDIBURU             460