Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

«The Big Easy», Fabian Buhlenbataioa goi mendi teknikoetan

28 urteko eskalatzaile alemanak, Alex Huber-ekin batera, Choktoi Ri mendian (6.166 m) 2.200 metro eta 56 luzeko bidea zabaldu du. A1 graduko tarte bat izan ezik, protagonistok marra osoa era aske (6b+) eta garbian igo zuten. Ez zuten iltze bat bera ere jarri.

Fabian Buhl aski ezaguna da orriotan. 28 urte besterik ez ditu, baina eskaladaren munduan erreferente bihurtu da. Alemanaren izenak indarra hartu zuen Alex Huberren “Nirwana” bidearen (8c+, 200 m) lehen errepikapena sinatu zuenean. Huberren urratsei jarraituz, gutxira, “Ganesha” (8c, 200 m) bakarka zabaldu eta era berean lehendabiziko igoera sinatu zuen. Jakina, bere idoloaren zabaltzeko estilo bera indarrean jarri zuen: ahalik eta parabolt gutxien jarriz. Eta hala egin zuen; soilik lau sartu zituen.

“Nirwana”-ren lehen errepikapenaren ondoren, Huber eta Buhl elkarrekin eskalatzen hasi ziren. Hegoafrikan, Picu Urriellun, Taghian, Patagonian... makina bat pareta eta mendi igo dituzte. Gaztearen bilakaera ederra ikusi ondoren, “irakasleak” Buhli garaiera handiko mendi tekniko batean elkarrekin jardutea proposatu zion. Eta baiezko erantzuna jasota, garaiera handiko mendi batean aritu dira.

Eskalatzaile alemanek Karakorumera bidaiatu dute; hain zuzen ere, Choktoi Ri mendia (6.166 m) izan dute xede. Eta seimilako horretan “The Big Easy” bidea zabaldu dute. Oso-oso luzea da: 2.200 metro eta 56 luze. Eta zailtasun teknikoei dagokienez, A1 graduko tarte bat izan ezik, gehienez 6b+ gainditu behar izan dute.

Alabaina, zalantzarik gabe, bi protagonistok jarduera horretan indarrean jarri duten estiloa azpimarratzeko modukoa da. 56 luze horiek era garbian eskalatu dituzte. Horrekin esan nahi dugu 2.200 metro horietan ez dutela iltze bat bera ere jarri. Eskalatzaileok dioten bezala, hori zen beren helburua: «Era garbian eta askean eskalatzeko bide bat nahi genuen, eta ‘The Big Easy’-rekin gure asmoa biribiltzeko aukera izan dugu».

Sortu duten bideari dagokionez, aurreratu behar dugu lehenik eta behin zutoin handi bati egin behar izan ziotela aurre. Sekzio horrek artesi ugari zituen, eta, haiei esker, beren burua friend eta fisureroekin babesteko aukera izan zuten.

Zutoina amaitu ondoren, oraindik ertz luze bat aurrean zuten, eta hartan luze asko egin zituzten ere.

Hauek guztiak dira Huberrek eta Buhlek Karakorumen egin duten jardueraren lerroburu nagusiak. Izaera honetako eskaladetan Buhlen bataioa zenez, haren “irakasleak” “ikasleari” hitza har zezan eskatu dio. Eta hain zuzen ere, 28 urteko gazteak Karakorumera eginiko lehen bidaia horren balantzea egingo digu. Espedizioan izaniko eskarmentuaz mintzatuko da. «Bidaia hori nire ibilbidean inflexio-puntua izan da», laburbildu du esperientzia.

«The Big Easy»

«Eskaladan egin nituen lehen urratsak blokean izan ziren. Garai hartan nire unibertsoa txikia eta oso zaila zen. Alabaina, azken urteotan energia eta denbora asko eman dut unibertso hori zabaltzen; batez ere, niretzat oso ezezaguna zen eremu alpinora. Bakarkako eskaladak erabat harrapatu ninduen, eta 2016. urteko neguan eta udan aipatu dudan eremu horretan nituen mugak gainditzen aritu nintzen. Blokean bezala, porrotak ez ninduen desanimatu.

Eskalada alpinoan nire unibertsoa zabaltzeko eta hobetzeko eite lagungarriak aurkitu ditut. Mundu honetan, oro har, dena kontrolpean izaten saiatzen gara, eta eskalada alpinoak erakutsi dit desabantailan egoten zarela. Jakina, kontrol eremu horiek eskuetatik ihes egiten dute. Eskalada alpinoan asko bete nauen eite bat bilatu dut, niretzat oso garrantzitsua dena: sokakidearekin erabateko konfiantza behar duzu izan.

Denboraren poderioz, mundu alpino horretan ate gehiago zabaldu nahi izan ditut. Esperimentatu eta gauza berriak ikasi; horixe izan da helburu nagusia. Eta amets horien artean bat mendilerro garaietara joatea izan da. Joan den udararako, Alexek eta biok espedizio txiki bat egitea adostu genuen. Geure filosofiarekin bat egingo zuen xedea definitzea baino ez zitzaigun falta. Alex Karakorumen egon zen iaz, eta Choktoi glaziarrean ertz ikaragarri dotorea ikusi zuen.

Askole herria atzean utzi eta gero, kanpaleku nagusira eramango gintuen lau eguneko hurbilketa bidea hasi genuen. Lehen urrats horietan arraro samar sentitu nintzen; izan ere, ni bizkar-zaku txiki batekin nindoan bitartean, zamaketariek 25 kiloko petatea garraiatzen zuten.

3.500 metrora ginela, ohartu nintzen garaieraren eraginpean nintzela. Beraz, hurbilketa bidea lasai hartu nuen. Kanpaleku nagusia leku perfektu batean antolatu genuen. Eguraldi egonkorrari esker, girora egokitzen hasi ginen. Egun horietan, 5.000 metrora zegoen kanpalekura aurreratuz tresneria eraman genuen. Egokitze fasea hobetzeko, han bertan bi gau igaro genituen.

Bide berriak dituen hiru sekzio handietatik lehena eskalatzeko erabakia hartu bezain laster, konturatu ginen “The Big Easy”-k aurreikusi bezala energia eta konpromiso maila handia eskatuko zigula.

Atseden hartu, eta eguraldi ezegonkorra aldatu zenean, aldez aurretik jarritako soka finkoetatik igo ginen. Ertzak zuen leku lau bakarrean gure lehen bibaka (5.500 m) atondu genuen. Oso emozionatuta geunden, besteak beste, gure gainean ikusten genituen artesiak perfektuak zirelako; Yosemiten eskalatzen dituzunak bezalakoak. Biharamunean, elurra egin zigun. Bagenekin egun hau ez zela paseo bat izango. Sekzio lau batean geundenez, eskalada ez zen zaila izan. Aldaketa hauek ondo hartu nituen: katu-oinak kendu eta kranpoiak jarri. Bezperako Yosemiteko estilo horren kontrastea izan zen.

Bidearen giltzara iritsi ginenean pareta tente jarri zen. Arroka elurrez estalia zegoen, eta egoera berri horrekin pixka bat beldurtu ginen. Zoritxarrez, eguraldia ia astebetez okertu zen. Egun horiek atseden hartzen igaro genituen. Baina eguraldiarekin asko arduratu ginen, sekzio gogor hori elurrez eta izotzez estalia zegoelako. Zorionez, eguraldiak hobera egin eta berriro mendira itzuli ginen behin betiko saio egiteko.

Headwall-aren lehen 200 metroak eskalatu eta bibak bat aurkitzen jardun genuen. Leku egokirik ez zegoenez, beheko bibakera jaitsi ginen. Artesi guztiak izoztuta zeudenez, tarte ugari mistoan gainditu behar izan genituen. Hala ere, ez ziren batere desatseginak. Gailurrera iritsi baino lehen rappel bat egin eta ia arazorik gabe tontorra zapaldu nuen. Tontorrean eserita nintzela, Alex segurtatu nahi nuen, baina ohartu nintzen erlaitz handi baten azpian eserita nengoela. Jarrera ergel hori segituan konpondu nuen. Metro batzuk jaitsi eta, orduan bai, leku egoki batean segurtatu nuen.

2.200 metroko marra bat zabaldu ondoren, zorionekoak zein pribilegiatuak sentitu ginen. “The Big Easy” biribiltzeko, gure gaitasun guztiak indarrean behar izan genituen jarri. Egun ederrak eta oso aberatsak izan ziren. Espedizio honek erakutsi dit gurea bezalako talde txiki batekin eskarmentua askoz ere aberatsagoa dela».