A. G.
GERNIKA BIZKAIA

Eurocupeko hurrengo fasera emango du pausoa, Girona gaindituz gero

Joan zen astean atseden hartuta, Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Eurocupeko ligaxkaren bigarren erdiari ekingo dio gaur. Spar Girona izango du aurkari Maloste kiroldegian 20.00etatik aurrera, F multzoko liderra, hain justu. Bizkaitarrek, berriz, beren bigarren postua finkatzeko ez ezik, lidergora hurbiltzeko parada ere izango dute. Esan behar ETB 4k zuzenean eskainiko duela.

Aurreneko itzulian kataluniarrak izan ziren F multzoko nagusi, neurketa guztik aise irabazita. Gernikarren aurka, esaterako, 80-57 gailendu ziren Eric Surisen neskak. Bestetik, joan den igandean Mendizorrotzan nagusitasun osoz aritu ziren Araskiren aurka. Gasteiztarrek atsedenaldira arte eutsi zioten kataluniarren etorriari, eta 37-43 galtzen joan ziren aldageletara. Hala ere, bigarren erdiko erauntsia ezin izan zuten jasan eta 56-84 galduta egundoko jipoia jaso zuten Madelen Urietarenek.

Kontuak aurrera begira

Ligaxka hauetan aurreneko bi postuetan sailkatzen direnek lortuko dute aurrera egitea. Gironak gernikarrei irabaziko balie, txartela poltsikoan izango luke.

Bestalde, bizkaitarrak ere gaur bertan sailka litezke hurrengo fasera. Horretarako, Gironari irabazteaz gain, Uniao Sportiva talde portugaldarrak Cargo Uni Györ talde hungariarra –22.30ean hasita jokatuko dute gaur gauean talde hauek biek– menpean hartu beharko luke. Hala izango ez balitz, abenduaren 5ean Gernika Bizkaiak Györen etxean jokatuko du. Irabaziz gero, bigarren lekua behintzat ziurtatuko luke. Galduko balu, Malosten erdietsi zuen 12 puntuko aldea –79-67– mantendu beharko luke.