Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

Amaraun horia

Gero eta argiago egiaztatzen ari gara komunikatzeko modu berriak mundua aldatzen ari direla. Dena bezala, bere alde txar eta onekin, haien eraginkortasuna bistakoa da. Estatu frantsesean oraintxe gertatzen ari den “txaleko horien” oldarraldian berebiziko eginkizuna dute. Trantsizio ekologikoaren premia argudiatuta Gobernuak iragarritako erregaien zergen igoerak piztu duen haserrea sare sozialetan islatu da lehenik eta handik bideratu dira deialdi eta mezu nagusiak.

Mezuak hedatzeko erraztasunak, haatik, ez du mugimendu baten kudeaketa errazago egiten. Hasteko, sektore askoren ezinegona katalizatzeko bitartekoa bilakatzen ari da. Erregaien igoeratik harago, hamaika errebindikazio eta sektore gehitzen joan dira jatorrizko dinamikara. Horren lekuko, trenbideetako langileen edo lizeoetako ikasleen muzinaldiak, esaterako.

Gidari jakinik gabe geiser baten modura agertu den mugimendua bideratzeko arazoak ere agerian geratzen ari dira. Mobilizazio deialdietan halako bateratasuna sumatu den arren, ordezkaritza zilegirik ez izateak sortzen dituen eragozpenak ere argi ikusi dira, esaterako, Lehen ministroarekin eta Ekologia ministroarekin ostiralean izandako sasi-bilkuran.

Hori gutxi ez, eta txaleko horiek edozein joera politiko jakinetik at daudela fermuki adierazi badute ere, hainbat alderdi politiko, batik bat, eskuin muturrekoak, oldarraldiaz jabetzeko egiten ari diren saioak gehitu dira.

Finean, betikoa. Nahitaez, eraginkortasuna eta zilegitasuna lortzeko, modu batera edo bestera antolatzea, definitzea eta batzea beste biderik ez dute, hau da, armiarmaren maisutasunez ez bada ere, gutxienez zertxobait ordenatu beharko dute amaraun horia, bestela hainbatetan gertatu bezala (esaterako ezkerreko mugimenduei), beren oldarraldia ezerezean geratzeko arriskua dago.

Beharbada Gobernuak hori espero du. Alta, oker handia egingo luke sakonean bere herritarren artean –eta eremu askotarikoan– dagoen egonezina kontuan hartu eta gauzak hobeto kudeatzen saiatuko ez balitz, amaraun horiak, gorriak, berdeak edo beste koloretakoak nahaspilatua egotetik taxuzko antolaketara irits daitezkeelako.