2018/12/04

Kronika
EUSKARALDIAREN HAMABIGARREN EGUNA
Hasitako aldaketei eustea da erronka

Euskaraldiaren hamabigarren eguna da gaur eta baikorra da ariketa sozial handi honen balorazioa. Belarriprestarena superheroien txapa izan da euskaldun berrientzat; ahobiziarena, ohiturez hausnartzeko aukera euskaraz ongi moldatzen direnentzat. Kontent topatu dugu jendea eskualdez eskualdeko itzulian.

Maider IANTZI
1204_eg_euskaraldia

«Inportanteena da gaurtik aurrera zer egiten dugun ariketa honetan ikasi dugunarekin»

Parisen hasi dugu bidaia, bertaraino eraman baitu Goio Muñoz Castellanosek belarriprest txapa. Jaiegunak aprobetxatuz oporretara joana da 39 urteko tuterarra. Duela zazpi urte hasi zen euskara ikasten, kuriositateagatik eta AEK-ko irakaslea zen lagun bati lanean bultzada emateagatik. Kuadrilla osoa hasi zen euskaltegian, baina Goio da jarraitzen duen bakarra. «Lanpeturik nabil, oposizioak prestatzen, baina ez dut euskal munduarekin dudan harremana galdu nahi».

Tuterako institutuan dabil lanean, baina bikotekidea Iruñean du eta bertan topatu nahiko luke lana. Aste tartean Tuteran egoten da eta asteburuetan hiriburura joaten da. «Tuterako karriketan gero eta gehiago hitz egiten da euskaraz. Harrituta geratu naiz, giro polita zegoelako. Belarriprest eta ahobiziak ikusi ditut eta ez nekien euskaldunak zirenik. Gustatu zait. Hiriburuan gauza bera».

Elkarrizketa txikiagatik eskerrak eman dizkiogunean, «milesker zuri», erantzun digu. «Hala aukera izan dut euskaraz mintzatzeko. Gero eta gehiago ohartzen naiz non sartzen dudan hanka eta lotsa ematen dit. Horregatik hartu dut belarriprest rola». Hurrengoan ahobizi, seguru!

Hendaiako Esther Arbelaitz bezala. Amaierako ekitaldira bidean harrapatu dugu. Ikastolaren kantua, mintzodromoa eta itxiera dituzte. Dugun muga psikologikoa aipatu du, «bestaldean» eta halako adierazpenak erabiltzen ditugu, «baina euskarak ez du mugarik». 11 egunotan jendeak aunitz parte hartu du ekintzetan eta euskara gehiago aditu da. 764 lagunek eman dute izena (528 ahobizi eta 236 belarriprest), eta zenbaki handia da hori. «Txapa jartzeaz gain, eman ere egin dugu –dio bultzatzaileak irriz–. Merezi izan du».

Arbelaitzek azaldu du hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egin dela eta jendeak lekuak identifikatu dituela euskaraz egiteko. Ulermen gaitasun handirik ez dutenek ere agurretan behintzat esfortzu txiki bat egin izana ongi baloratu du. «Entrenamendu bat izan da egunerokora eramateko eta «garrantzitsuena da gaurtik aurrera zer egiten dugun ariketa honetan ikasi dugunarekin».

Irtenbideak ikusi ditugu»

Herri batzuetan entrenamendu hori lehenago egina zuten, Amurrion kasu. Zutoia Latatu Amurrio eta Urduñako dinamizatzaileak kontatu digu parte-hartzea «nahiko altua» izan dela, «aurrekoan bezala», baina orduan batu ez ziren profilak izan dituzte orain, «lotsak eta beldurrak alde batera utzi dituzten belarriprestak».

Ahobiziak bezala, motibaturik eta gogotsu ibili dira. Igandean eskualde mailako jaia egin zuten Laudion eta bertan elkartu ziren herri guztiak.

Zarautzen gisako herri euskaldunetan erronka desberdina izan dute. 4.554 pertsonak eman dute izena eta «oso-oso gustura» daude horrekin batzorde antolatzailean, Rita Aldabaldetreku kideak erran digunez. «Zarauztarren %70ek ulertu eta hitz egiten dute euskara, eta beste %10 batek ulertu behintzat egiten du. Beraz, %80k parte hartzeko gaitasuna bazuten. Hortaz, gure erronkarik handiena ohiturak aldatzea izan da».

Aldabaldetrekuk 25 urte ditu eta giro euskaldunean bizi denez pertsonalki ez du gehiegi igarri Euskaraldia, baina gurasoen adineko jendearengan, erdaraz ikasi zutenengan aldaketak sumatu ditu. Herri erdaldunagoetan lan egiten duten lagunengan ere bai.

«Ohitura aldaketari eustea da orain erronka. Adibidez, taldeetan, gehiengoa euskalduna izan eta tartean erdaldun bat dagoenean aldaketak egin dira. Hizkuntzaren gaia mahai gainean jarri eta ele bitan aritzea lortu da. Biodantza klasean, lan bileretan edo entrenamenduetan, lehen erdaraz egiten zen espazioetan ele bitan aritzea lortu da». Euskaraldiak ahalduntzeko eta kontzientziatzeko balio izan du. «Euskaraz bizi nahi dugula erakutsi dugu eta irtenbideak ikusi ditugu».

Elorrion ere ezagutza %80 ingurukoa da; kale erabileraren datuak ikara eragin zien iaz, ordea: %34,2. Irati Anakabe sustatzailea itxiera ekitaldiko testua prestatzen ari da deitu diogunean. Horregatik egin digu hain ongi balantzea. “11 egun, 11 bizipen” izenburupean bideo bat jartzeko asmoa zuten aurrena, testigantzekin. Gero, esker oneko mezua transmititu nahi zioten batzordeari. «Orain urtebete hasi ginen lehen bilerekin. Erronka handia zen eta serio hartu genuen. Zalantzak genituen ea gai izango ginen. Ibilbideari begiratuta, oso pozik gaude. 20 lagunetik gora batu gara astero: gaztetxe, elkarte, eragile, norbanako... 1.500 pertsonak eman dute izena eta oso pozik eta harro gaude». Aldaketa txikiak posible direla ikusi dute. «Gainera, ez gaude bakarrik. Ibilbide luze honetan metro batzuk egin ditugu aurrera».

Pirinioan ere aurreikuspen guztiak gainditu dituzte: ia 600 lagunek parte hartu dute. Burgiko David Lalana Salbotx euskara teknikaria ibar bateko eta bertzeko lagunekin mintzatu da eta «ilusioa» sumatu du. «Uste gabeko belarriprestak ikustea pozgarria izan da, ahobiziak eurekin euskaraz egitera animatu dituztelako. Lurra badago, ez da antzua eta orain ureztatu egin behar da. Euskaraldia abiapuntu polita da. Aldaketa txiki batzuk lortu dira».

Horretarako, Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak erran bezala, konstantzia, pazientzia historiko pixka bat eta batez ere adostasun handia behar dira. Euskararen normaltasuna lortzeko elebitasun sozial orekatuagoa behar da, euskaltzainburuaren ustez.