2018/12/06

Estatu espainolak bosgarren aldiz ez du bete Hizkuntzen Europako Ituna

Behatokiak eta Kontseiluak egindako bosgarren ebaluazio txostenak dioenez, Estatu espainolak ez du betetzen Euroituna. Bereziki larritzat jo dute justizia alorreko gomendioak ez betetzea, eta Nafarroako zonifikazioa bertan behera utzi behar dela nabarmendu dute.

GARA|IRUÑEA
1206_eh_kontseilua

Behatokiak eta Kontseiluak egin duten txostenak agerian utzi du bosgarren aldiz Estatu espainolak ez dituela betetzen Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunak ezarritakoak. Hain zuzen ere, bosgarren txosten hau aurreko txostenetan jasotako gomendioen errepikapena dela salatu dute eragileok.

Besteak beste, justizia eta auzitegi arloarekin lotutako gomendioak lehen ebaluaziotik bete ez izana larritzat jo zuten Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Iruñean egindako agerraldian.

Halaber, Nafarroaren zatiketa bertan behera uzteko premia ere mahai gainean jarri zuten. Egoera urgentea dela nabarmendu zuen Petriatik: «Amaiera eman behar zaio administrazio publikoko langile euskaldunei, baita irakaskuntzako langileei ere, eragiten zaien diskriminazio larriari. Ezin da administrazio publikoko langilea zigortu euskarazko lanpostu bat betetzeagatik edo bete nahi izateagatik».

Horren berri emango diete datorren astean Iruñean egongo diren Euroitunaren adituen batzordeko kideei. Horrekin batera, Estatuko Administrazio Orokorrak euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasuna hobeto ziurta dezala eskatuko diete. «Estatuko Administrazio Orokorrean langile elebidunak kontratatzeko neurriak lege bidez jasotzea eskatuko diegu. Iruzurrik egin ez dezan, orain arte bezala, lan deialdi publikoetan», esan zuen Bilbaok.

Justizia alorrean

Justizia alorrean egindako azterketaren ondoren, «oso larria iruditzen zaigu Itunaren lehen ebaluazioa egin zenetik Justizia eta auzitegiekin lotutako gomendioak bete ez izana. Gogoratu behar dugu propio eskatu zaiola Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea, eta ez dio kasurik egin. Are gehiago, aukerak izan ditu azken urteotan onartu den araubideetan Europako gomendioak txertatzeko eta ez du ezer aurreratu», Kontseiluko eledunaren arabera.

Eremu sozioekonomikoari ere egin zion aipu Bilbaok. Eskaera zehatza jasotzen da arlo honetan ere: «Gaztelaniaren erabilera derrigortzen duen araubidea bertan behera uztea eta hizkuntza koofizialen erabilera modurik egokienean arautzeko aukera izatea».

Nafarroan berehala konpondu beharreko beste gai bat ere jarri zuen mahai gainean Petriatik: «Nafarroako hizkuntza eremukako zatiketak eragindako administrazio banaketa desager dadila, oztopoa delako Nafarroako zatirik handienean, gizarte mailan nahiz maila ofizialean, euskara normaltasunez erabiltzeko, bai eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna bera aplikatzeko ere. Beraz, zonifikazioa amaituz, ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea».

ADITUEN BISITA


Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren aditu talde batek Iruñera egingo du bisita heldu den astean. Behatokiko eta Kontseiluko ordezkariek egungo gabeziak konpontzeko eskatuko dio batzorde horri.