Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Fortnite bideo-jokoa

Fortnite bideo-jokoa da, ziur asko, azken hilabeteetan gurasoen artean eta haurren taldeetan gehien aipatu den bideo-jokoa. Guraso eta haurren arteko gatazken iturri ere bilakatu da.

2017an ikusi zuen argia eta jada 125 milioi erabiltzaile ditu munduan. Mugikorretarako bertsioa ere badu eta doakoa da. Horiek dira bere zabalpen esponentziala ulertzeko bi gako. Eta baita youtuber eta gamer ezagunek euren jokaldiak zuzenean erakustea ere. Kezka eta alarma 8 eta 9 urteko erabiltzaileak izateak ekarri du, baita gure inguruko gurasoen artean ere. PEGI kode europarraren arabera, 12 urtetik gorakoentzat da.

Jolasteko bi modu daude: Save the World eta Battle Royale. Bigarren hau egin da ospetsu, jokalari bat baino gehiagok elkarrekin jolasteko aukera ematen duena. Jokalariak mapan nonbait erortzen uzten dira. Eta bizirik irauten azkenak izatea da helburua: gainontzeko guztiak akabatzea, alegia. Baina ez da odolik inon ageri. Ezta zonbirik ere. Ez da hain beldurgarria edota bortitza begietara. Marrazki bizidunen itxura du. Hori da bere ezaugarri erakargarrienetako bat (baita gurasoentzat ere). Baina han eta hemen armak lortu behar dituzte bizirik irauteko. Taldean lan egin daiteke helburu hori lortzeko eta estrategia bat garatzeko gaitasuna eta elkarlana susta dezake. Baina helburua bestea akabatzea den heinean, bestearekiko enpatia behintzat ez da lantzen.

Haurren kasuan, zuzeneko txat-erako duen aukera da, ziur asko, bortizkeria entzun, irakurri eta sentitzeko kanal nagusia. Ahoz edo idatziz, uneko beste jokalariekin hitz egin daiteke (ezezagunak kasu gehienetan). Eta helburua bestea akabatzea denez, txat hori hitz iraingarri eta bortitzez betetzen da. Jokalariaren adinaren, izaeraren edota gaitasunen arabera, txataren aukera desgaitzea oso gomendagarria litzateke.

Birritan egin didate galdera: Fortnite-rekin zer? Nire erantzuna berbera da beti: etxe bakoitzak erabaki ditzala erabileraren mugak. Mugak erabaki eta jarri, nor, noiz eta nola: nor jolas daiteke, noiz eta zenbat denboraz eta zein baldintzatan (txatarekin? Ni ondoan nagoela?). Mugak ezinbestekoak dira.