2018/12/06

NBEri esker, bakeari bide malkartsua eman diote bi aldeek Yemenen

Zaurituen eta presoen inguruan keinuak egitera bultzatu ondoren, matxino huthiak eta Saudi Arabian erbesteraturiko Yemengo Gobernua Suediako hiriburuan esertzea lortu du NBEk. Akordioak zaila dirudi, aurrekariak eta alde guztien jarrera itxia kontuan hartuta.

GARA|STOCKHOLM
1206_mun_yemen

Saudi Arabian erbesteraturik dagoen Yemengo Gobernuaren ordezkaritza atzo bertan irten zen Riadetik Stockholmera bidean, Jaled al-Yemani Kanpo Arazoetarako ministroak zuzenduta. Herenegun iritsi zen huthien ordezkaritza Suediako hiriburura Kuwaiteko hegazkin batek Sanan hartu eta Martin Griffith NBEko ordezkari nagusia lagun zutela. Mohamed Abdelsalamek zuzentzen du 2014an Yemengo hiriburua eta lurralde erdia bereganatu zuten matxinoen ordezkaritza.

Bi aldeek milaka presoren trukea adostu dute azken egunetan, elkarrizketei bidea emanez. Bide batez, zauritutako 50 huthi Omaneko ospitaletara joatea baimendu zuen Riadek astelehenean.

Yemengo gerrari amaiera emateko saiakera guztiek porrot egin dute orain arte. Azkena, aurreko irailean, huthiek ez zituztelako berme horiek lortu.

Zailtasunak zailtasun, oraingoan adituak baikor dira, ordea. Jamal Khaxoggi kazetariaren erailketa basatiak, non eta Istanbulen Saudi Arabiak duen kontsulatuan, areagotu egin du Riaden gaineko presioa. Bide batez, Hudaidaren inguruan izaten ari den berdinketa militarrak batzuk zein besteak nolabaiteko akordio batera bultza ditzake.

Hala ere, eta «Khaxoggi auziak» AEBei eta Britainia Handiari Riaden gaineko presioa areagotzea ahalbidetu badie ere, adituak beldur dira Saudi Arabiak ez ote dituen «garaipen militarrak» mahai gainean exijituko bakearen truke. Eta bestalde, ez dirudi huthiak prest egongo direnik boterea utzi eta euren ipar menditsuko lurraldeetara bueltatzeko. «Gutxi eskaintzeko prest daude».

GAUR BERTAN


Yemenen Britainia Handiko enbaxadorea den Michael Aaronek Twitterren iragarri zuenez, gaur bertan hasiko dira elkarrizketak Johannesburg-eko gazteluan, Stockholm hiriburuaren kanpoaldean.