2018/12/06

Sailkapeneko zulotik ateratzeko aukera Tolosan

Ibai Zabala izango da berrikuntza nagusia, Aretxabaletaren ordezko moduan.

Asier AIESTARAN
1206_kir_ibaizabala

Bengoetxea VI.a-Imaz eta Urrutikoetxea-Ibai Zabala aurtengo Binakako Txapelketan lehen garaipena eskuratzen saiatuko dira gaur arratsaldean, Tolosako Beotibar pilotalekuan (18.00, ETB1). Aurreneko bi neurketak galdu egin dituzte Asegarceko bikote horiek eta gaurkoa oso garrantzitsua izango da: irabazlea bete-betean sartuko da lehian, baina galtzailea oso ukituta geratuko da hiru jardunalditan punturik batu gabe.

Berrikuntza nagusia Ibai Zabalaren presentzia izango da, aurreko astean eskuan min hartu zuen Andoni Aretxabaletaren lekua hartuz. Berriztarra pilotari beteranoa da jada, antzeko egoera asko bizi izan dituena, eta berea emango duela ziurtatu daiteke. Urrutirago joan gabe, iazko txapelketan bertan Urrutikoetxearekin bi neurketa jokatu zituen, lehena irabaziz eta bigarrena galduz, baita gero Artolarekin beste bi eta Olaizolarekin beste bat ere.

Oinatz Bengoetxea eta Ander Imaz, bestalde, itxura ona ematen ari dira, baina oraingoz ez da garaipena lortzeko nahikoa izan. Aurreneko jardunaldian sasoi betean dauden Artola eta Mariezkurrenaren aurka galdu zuten 14-22, eta bigarrenean faboritotzat jotzen diren Olaizola II.a-Albisuren kontra 22-15. Finalerdietara sailkatu nahi badute gaurkoa bezalako norgehiagokak irabazi beharra daukate, eta horretan saiatuko dira.

Asegarceko oilarrak Eibarren

Hain zuzen ere, aipatutako bi bikote horiek, Olaizola II.a-Albisu eta Artola-Mariezkurrena, Eibarren izan ziren atzo igandean elkarren aurka jokatuko duten neurketarako materiala hautatzen. Bitik bi irabazita iritsiko dira hitzordura eta, beraz, bietako batek lehen porrota jasoko du. Hori bai, Olaizolak urtebete omen darama Eibarren jokatu gabe eta Mariezkurrenak lehen aldiz jokatuko du Astelenan.

«Bikote oso indartsua izango dugu aurrean. Artolak denbora asko darama inspiratuta, bolada oso onean, eta Mariezkurrena ere bikain hasi da eta argi utzi du puntako atzelaria izango dela», goraipatu zituen aurkariak Aimar Olaizolak.

«Asegarceko aurrelari eta atzelari onenak dira. Justu hasi ziren, baina aurreko astean sekulako partida egin zuten. Gu jokoa atzean kargatzen saiatuko gara, Aimar jokoan ez dadila sartu, eta akats gutxi egiten», onartu zuen Mariezkurrenak.