2018/12/07

EAEko langileek 2.000 milioi euro galdu dituzte azken hamarkadan

ELA sindikatuak eginiko ikerketa baten arabera, EAEko lan errentak BPGaren %47,39 izan ziren 2017an; hau da, 2009an baino 3 puntu gutxiago. Kapital errentek, aldiz, azken zortzi urteetan, %18,18ko igoera izan dutela erakutsi du. «Gutxiengo baten irabaziak, langile klasearen kaltetan», ondorioztatu zuen.

GARA|BILBO
1207_eko_ela

Lan eta kapital errentek Barne Produktu Gordinean (BPG) duten pisuari buruzko ikerketa egin du ELAk, Eustatek eskaintzen dituen estatistikak abiapuntu hartuz. Atzo Bilboko egoitzan egin zuten prentsaurrekoan iragarri zutenez, 2009tik gaur arte soldatek pisua galdu dute EAEn. Zehatzago esanda, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beharginek 2.000 milioi euro galdu dituzte azken hamarkadan.

2017ko lan errentak 34.986 milioi eurokoak izan ziren eta, sindikatuak nabarmendu zuenez, zifra hori 2016koa baino %3,5 handiagoa izan zen arren, BPGaren %47,39ra erori zen soldaten pisua ekonomia osoan. «Azken urteetako ehuneko baxuena da», azaldu zuten prentsa agerraldia egin zuten Mikel Noval eta Xabi Zabalak, sindikatuko Azterketa Bulegoko kideek.

«Krisia hasi ondoren, 2009an, soldatei bideratzen zitzaien EAEko errentaren zatia %50,29an zegoen», zehaztu zuten, 2017an behea jo duen arte. Testuingurua zabaltze aldera eta erakutsi zuten grafikoaren arabera, 1985ean BPGaren %55,5 izan ziren lan ordainsariak, eta urtetik urtera bilakaera horrek beheranzko joera izan du, 2008tik 2009ra igoera txiki bat egon bazen ere.

Balantzaren beste aldean dago kapitalaren errenta. 2008tik iazko urtera bitartean beheranzko pare bat fase izan zituen, baina orokorrean goranzko joera izan du. Azken hamar urteetako punturik baxuena 2010ean eduki zuen –lan errentek punturik altuena izan zutenetik urtebetera, hain zuzen ere–, eta ordutik ehuneko bi puntutan hazi da, iaz %42,21ean kokatu arte.

%5eko diferentzia

Hala, soldatei bideratutako errenta zatia kapitalaren errenta baino 10 puntu handiagoa zen 2009an eta zortzi urte beranduago, diferentzia hori %5 murriztu da, soldaten pisua jaitsi eta soberakin gordina haztearen ondorioz.

Honen aurrean ELAk ondorioztatu zuen punturik nabarmenena izan da «gutxiengo baten irabaziak, langile klasearen kaltetan» lortu direla. «Alor ezberdinetan aplikatzen diren politikak dinamika kapitalistan eta bere fase metakorrean daude kokatuta, horrek errentaren banaketa injustuago bat eta desberdintasuna areagotzea eragiten du», azaldu zuen ELAk.

Aipatutako emaitza honen ondorio zuzena erosahalmenaren galera, lan eskubide eta baldintzen murrizketa eta enpleguaren suntsiketa izan direla ohartarazi zuen sindikatuak.