Sena-taria

Berrogeita hamahiru urte atzera egin zuen atzo Benito Lertxundik. Geruza berean baina ez toki berean egin zen aurreneko Azokara. «Gogoan dut nola Lourdes (Iriondo) eta biok kantuan aritu ginen liburuak eta diskoak saltzen ziren bitartean». Magnitudeak eta parametroak zeharo desberdinak dira bost hamarkada joan eta gero, baina oinarrian berberean jarraitzen du kantari oriotarrak: senari eskua emanda joan izan da beti. Sena-taria litzateke, nahiko balu. Mende erdiko sorkuntza bideari eta “Ospakizun gauean” (Kantaita) azken diskoari buruz hizketan abiatu zuen, Lander Arretxeak gidatuta, Gogoetaren Plazako lehenengo saioa.
«Askotan galdetzen didate kantuak nola egiten diren eta erantzuten diet ez dakidala, jakingo banu hurrengo kantua egina bailegoke. Birjaio egin behar da hurrengo kantua egiteko». Baina esperientziak ez al du balio? «Esperientziagatik balitz kantu bera egingo nuke behin eta berriro». Benito Lertxundik dio abestiak osatzen hasi zenean egin beharreko zerbaiten gisan hartzen zuela jarduna, igeltseroak adreiluak pilatu nola, estresak jota aurkitzeraino. «Derrigortu egiten nuen neure burua, eta horrela joan zaizkit hainbat urte». Eta jarraitu zuen: «Gero erabaki nuen bere bila ez joatea, ateratzen utziko niola. Hari-mutur bat agertzea bezala da; hura ateratzen zoazen heinean jakiten duzu den edo ez den. Senak esaten dizunaren arabera. Zorneari bezala ateratzen utzi behar zaio kantuari».
Ametsetan ere entzun omen ditu kantuak, «eta esnatutakoan hor jarraitu izan du». Zergatik? «Nire burua libre utzi dudalako eta irristan doazelako gauzak. Adimen malgu baten ondorioz gertatzen dira gauzarik onenak».
Letra du beti abiapuntu. Diskurtsoa argi eta zenbat eta kondentsatuago, hobe. «Bestela sasi bat sortzen da eta entzulea ere galdu egiten da. Bakoitza joaten da ikasten, senak esaten dionaren arabera». Esandakoa: Sena-taria. Lertxundiri hitzek marrazten diote paisaia; gautiarra den, argia duen, bizkorra ote den... «Bere izaera ematen dizu. Eskutik heldu eta bere klimaxera eramaten zaitu».
“Ospakizun gauean” da Benito Lertxundik kaleratutako azken diskoaren izenburua, etxeko Kantaita zigiluarekin egina. «Badut alaba bat, badut emazte bat, eta hor bazen energia bat». Eta badu zer berririk. «Gauza batzuk egiten dituzu zure bizitzan eta hor daude, eta ibil zaitezke haiekin harat-honat», baina ez da bere kasua. Bere iritziz bizitzan bide bat egiten da eta bide horretan era guztietako egiturak sortzen dira, kontzeptuak, balioak, «izateko modu kolektiboa». «Alienazioa hor dago eta bere korronteak eramaten zaitu. Baina galdetzen diozu zeure buruari zergatik egiten dituzun zenbait gauza... Besteek egiten dituztelako? Bestela bakarrik geratuko zarelako? Hori beldurra da». Pisuzko motxila jarri du bizkar gainean, astuna, eta apurka husten doa, «azkenean motxila osorik botatzeraino». «Eta konturatzen zara agian ez dela bidean egindako egitura hori hazten laguntzen dizuna, kontrakoa baizik».
Kultura sakralizatutako zera dela iritzi dio Lertxundik, «aldarean jarritakoa». «Bizitzan egiten dugun guztia da kultura, baina gizakiak dituen arazo gehienak ere kulturalak dira eta ez gara horretaz konturatzen».
Behar behartu
Disko berrian darabiltzan gaien inguruan galdetu zion Arretxeak; euskara eta bakea auzitara. Frankismo garaira itzularazi zuen une batez, metaforen erabilerara, kantuen indarrera, aldarrikapenera. «Frankismoan metafora erabiltzen genuen esan nahi genuena besteei estaltzeko. Arma moduan erabili genuen, tranpa egiteko menderatzaileari eta baita gauzak edertzeko ere». Metaforak, esaten du, zeharkako bidea egitera eramaten du idazlea.
Metafora bat bakearen auziari. «Gaixo bat medikutara doa eta medikuak diotsa zenbait gauza utzi behar dituela, baina berak ez du nahi. Gaitza tratatu gabe nahi du osasun ona izan. Bakeari dagokionez garrantzitsuena ez da hura bilatzea, baizik ikustea gatazka hori zertaz egina dagoen».
Euskarari ere antzeman zion heldulekua. Ideiak garbi antzean itxuratu zituen Lertxundik. «Hizkuntza bat salbatzeko modurik onena hizkuntza bera lanarekin eta dirua irabazteko moduarekin lotzea da. Hizkuntzak behartu egin dira beti, baina hemen ez; hori bai, gero euskara salbatu nahi dugu!».
Beharrezkotasunari atxikirik bota zituen hurrengoak. «Euskara ere ikasi egin behar da. Lanerako hizkuntza behar duzunean, etxera dirua eramateko behar duzunean, hizkuntza hori salbatuta dago. Baina horretarako boterea behar da eta ez digute nahi duguna egiten uzten. Bigarren mailakoak gara». Eta jarraitu zuen: «Herri batek boterea behar du eta aske denean bere erregimena ezarriko du eta euskara salbatuta egongo da. Eta gainera unibertsala izango da».

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
