2018/12/07

Txoriak leihoan

MAITE GURRUTXAGA • Ilustratzailea

 

gara, donostia
1207_maite_gurrutxaga

Sormen prozesua hasi aurretik lana jaso behar da. Batzuetan proposatua da, edo enkargua; besteetan norberagandik sortua. Prozesu guztiaren momentu ederrenetakoa da hasiera niretzat, proiektuan barneratzekoa, murgiltzekoa. Hasieran dauden eta etorriko diren eta oraindik ezagutzen ez ditudan lanetan pentsatzeak poz berezia sortzen dit.

Lana jaso eta ahal bezain beste luzatzen dut lanean jartzeko momentua, azken erantzunari mesede egiten dio horrek nire kasuan. Pentsatzea gustatzen zait, baina marraztu gabe; irudiei buruan forma emanez.

Bide horretan, bat-batean gakoa izango den irudi hori aurkitzen dut, eta hartu beharreko norabidearekin topo egin. Marrazten jartzen naiz orduan.

Ilustratzailearen lana irakurketa bideak jorratzea dela uste dut, beraz, narratiboki lanari forma ematea garrantzitsua ikusten dut.

Lo hartu aurreko istantak garrantzitsuak dira sormen prozesuan niretzat. Gauzak gertatzen dira, irudiak eta ideiak agertzen zaizkit, argi eta garden. Lanean txertatzen ditut.

Gauzak oso txukun edukitzea behar-beharrezkoa zait. Iluntzero, lana utzi ondoren, lan-mahaia txukuntzen dut. Berdin dio bihar berdinarekin jarraituko badut. Arkatzak arkatzekin, axotak axotekin, pintzelak pintzelekin, paperak txukun. 

Sortzaileoi, sortzeaz gain gauza asko egitea tokatzen zaigu askotan: fakturak egin, mezuak erantzun, web orria eta sare sozialak eguneratu, hitzaldiak edo klaseak prestatu... eta ordena beharrezkoa zait erpin guztietara iristeko.

Bizitza lanaren zati handia da eta lana bizitzaren beste hainbeste: Biak erabat lotuak doaz nire kasuan, lantokiak bizitokiarekin bat egiten duen momentutik hasita. Batak eragin zuzena du bestean eta alderantziz.

Nire lan prozedura oso antzekoa da gehienetan. Testua jaso eta behin eta berriz irakurtzen dut; norabidea topatzen dudanean bozetoak egiten ditut, ahal bezain beste (inoiz ez dira gehiegi), ideiari bozeto bidez konponbidea bilatu arte; irudia paper garbira pasatzen dut ondoren (akuarela papera gehienetan), eta teknika aplikatu. Behin paperean lana bukatu dudanean, digitalizatu egiten dut, eta ahal bezain gutxien ukitzen dut ordenagailuan; orbanak kendu, koloreak zuzendu... halakoetara mugatzen dut gehienetan ordenagailuko lana. Pauso honen ondoren argitaletxera bidaltzen dut lana, eta beraiek liburura eramaten dute. Prozesu luzea izan daiteke, hilabeteetakoa edo urteetakoa. Horregatik poz handia hartzen dut liburua etxera iristen zaidanean.