A. G.
EMAKUMEEN DIA LIGA

Avenidari kilimak egin nahi dizkio Gernikak

Emakumeen Dia Liga euskal saskibaloi taldeentzat bikain hasi zen, baina azken asteetan apur bat okertu da. Araskik bere azkeneko lau neurketak galdu ditu eta IDK Gipuzkoak ere nahi baino belarrondoko bat edo beste gehiago eraman ditu ibilbide ona eramanagatik. Orain arte Lointek Gernika Bizkaia da Ligan partidarik galtzeke dagoen euskal talde bakarra. Zoritxarrez, ez ote den gaur arratsaldean amaituko bolada paregabe hau...

Izan ere, 18.00etatik aurrera –FEBTV webgunean streaming bidez– Perfumerias Avenidaren kantxan jokatuko dute bizkaitarrek. Liderren arteko lehia izan behar da, baina azken zortzi egunetan behera egin dute gernikarrek. Arazo pertsonalak direla medio, Jazmon Gwathmey AEBetan da; Juana Molinak eskuineko belauna birrindu zuen joan den astean, eta asteon Hungarian Emakumeen Eurocupeko partidan sekulako muturrekoa jaso berri du Mario Lopezek gidatzen duen taldeak. Bada, liderren arteko dema izan arren gaur arratsaldekoa, faboritoa bat eta bakarra da, eta ez da Gernika Bizkaia.

«Ez dakit zergatik, baina tarteka defentsako maila asko jaisten dugu», onartu zuen Mario Lopez entrenatzaileak Cargo Uni Györer aurkako neurketa 79-61 galdu ondoren. Asteazkenetik hona bizkaitarrek arazo horri buelta ematen nahikoa lan izango zuten, baina konpondu ezean, Salamancako taldeari ez dio ezta kilimarik ere egingo. Behin bakarrik irabazi dio Gernika Bizkaiak Perfumerias Avenida ahalguztidunari: Malosten, 2016ko urriaren 22an. Orduko hartan gernikarrek 62-51 hartu zuten menpean Gaztelako taldea, defentsa aparta egin ondoren, bistan denez.

Bolada txarra amaitu guran

Mendizorrotzan Zaragozako Mann Filter hartuko du RPK Araskik, 20.00etatik aurrera. Madelen Urietarenek lau partida segidan galdu dituzte eta ondorioz sailkapenean zazpigarren postura erori dira, 4-4 balantzeaz. Zaragozakoek joan den astean eten zuten beren bolada txarra, Zamarat taldea gainditu ostean. Alabaina, arabarren atzetik daude: bederatzigarren 3-5 balantzeaz.

Are eta okerrago dago IDK Gipuzkoaren aurkaria. Lugoko Ensinok bi partida baizik ez ditu irabazi, eta Emakumeen Dia Ligako hamaikagarrena da, donostiarrak laugarren postuan dauden bitartean, sei garaipenekin.

Dena dela, gogoan izan behar da Lugoko taldean Arantxa Novok jokatzen duela, zazpi urtez IDK Gipuzkoako taldekide izana; baita Astou Traore senegaldarrak ere, IDK Gipuzkoan jokatzea zer den badakiena. Talde galiziarrak 19.00etan jasoko du gipuzkoarren bisita; Azu Muguruzak eta enparauek ederki dakite aurkari hau noiznahi esna litekeela eta konfiantza soberarik ezin dezaketela izan.