Alfontso DIEZ

«Artikoa hausten ari da»

Ipar Poloko ekosistemaren nondik norako, ezaugarri eta biodibertsitatea erakustea du helburu Donostiako Alderdi Ederren, urtarrilaren 12ra arte, ikusgai dagoen erakusketak: “Artikoa hausten ari da” du izena eta Udalaren eta La Caixaren Obra Sozialaren ekimena da. Andoni Canela argazkilariak espresuki erakusketa honetarako eginiko ehun bat irudi ikusgarrik betetzen dute Artikoko giro izoztu, isolatu eta babesgabea islatzen duen 200 metro karratu inguruko gunea.

Lau eremutan banatu dute: klima, muturreko egoera horretako bizimodua, gizakiaren arrastoa eta iparraldeko argiak. Eta bisitariak hainbat bitxikeriaren berri izateko modua dauka: zergatik ez zaizkien animaliei hankak izozten, hartz polarra benetan zuria den, samien musika...

«Ez da berria Artikoa apurtzen ari dela esatea, aspaldiko datuek frogatzen dute. 2012. urteko irailean, izozturiko azalerak inoizko neurri txikiena eman zuen: aurreko minimoarekin alderatuta, %18 egin zuen behera. Azken 25 urteetan Ozeano Artikoaren izotz kaparen hiru laurdenak galdu dira; eta duela hamarkada batzuk baino %50 meharragoa da», gogorarazi dute antolatzaileek.