A. G.
saski baskonia

Natxo Lezkano Zurbaora dator Breoganekin sorpresa bat ematea helburu

Moskuko CSKAri irabazi ostean, Lugoko Breoganen aurka gaur 17.00etan jokatu beharreko partidak erraza dirudi Kirolbet Baskoniarentzat. Perasovicen mutilek Euroligan etxeko lanak bete zituzten, eta, datorren astean etxetik urrun egin beharreko txango luzearen aurretik –lehenik Tel Avivera bisita, gero ACB Ligan Tenerifera bidaia, eta, azkenik, Kanaria Handira Euroligan– galiziarren aurkako tramiteak ia erraza dirudi.

Baskoniaren egutegi estuan erromantizismorako lekurik ez badago ere, Breogan ez da besteak bezalako taldea. Ez igoberria delako eta 2-8ko balantzeaz Ligako zuloan delako, baizik eta Sergi Vidal jokalari ohia eta, batez ere, Natxo Lezkano entrenatzaile ohia Gasteiza itzuliko direlako.

Argi galdua

Portugaleteko entrenatzailea 2001etik 2007ra bitartean Saski Baskonian aritu zen, Dusko Ivanovic, Pedro Martinez eta Velimir Perasovicen laguntzaile. Talde gasteiztarrak Perasovic bota ondoren, 2007ko Euroligako Top 16an bizkaitarrak berak zuzendu zuen Baskonia, joko aparta erakutsiz. Ia ezustean ekarri zuen Josean Kerejetak Bozidar Maljkovic Lezkanoren ordez, eta emaitzak ez ziren nahi bezalakoak izan.

2007tik 2015era Zilarrezko LEB Ligan eta Urrezko LEB Ligan aritu zen Palentzian, eta ACB Ligara igotzeko txartela ere lortu zuen kantxan, nahiz eta gero bulegoetan ezin berretsi kantxan erdietsitakoa. 2011tik 2013ra Boli Kostako hautatzaile ere izan zen, eta 2015ean Mexikoko Toros de Aragua taldea zuzendu zuen. Breoganen 2016tik dago, eta azkenean ardi galduak lortu du Gasteizera itzultzea, etxera. Arerio gisa bada ere.