Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zorabio osasuntsuak

Ikimilikiliklik! Azokaren egunotan Euskaraldiak jarraipena duen bitartean beste hainbat esparrutan Erdaraldira bueltatu dira, haren denboraldi ofiziala amaitua denez … “Ahobero” eta “belarrizero”, euskararik txarrena erdara dela jakitera iritsi gabe… Tira, harira! Abenduaren hasierako honetan urterik urte zalantza bera datorkit burura, akaso beheko Estatuaren konstituzio demontre zer horri eskertu behar diogu euskaldunok Durangon Azoka izatea? Are gehiago, akaso sortzez garbia ei den Ama Birjinari berari ere eskertu behar? Mon Dieu! Amen.

Noizko euskaldunok geure egutegia izan, besteon “egurtegia” erabiltzera behartuta egon gabe? Noizko guretzat berdinak izan astea eta jaia, lana bihurtzeko gozatzeko gaia? Momentuz gauza izan gara eguraldi mapa itxurosoa osatzeko, egutegia falta da. Bitartean hor izango, hormako egutegi arrotzean gorriz markatua, abenduari sei dariola. Konstituzio transgenikoa, fosila… euren Antropozenoan bizitzen nahi gaituzten seinalea… Demokrazia? Non da horren grazia?… Bota dezagun demokrazia zerri askara!

Egunotan goiko latitudean Nobel sariak banatuko dituztela-eta, gogoan daukat Erlatibitatearen Teoriaz aritu zen fisikari harena, hots, arazo bat ezin dela konpondu arazoa bera sortu duen pentsaera beretik. Eta komunean nagoela Konstituzio demontre hori pasatu zait burutik, belarri batetik bestera; arazoaren funtsa dena ezin konponbidean parte izan. Izatekotan, “horkonponbidea” bailitzateke, konponbidetik urrun. Oso. Oso-oso, gainera. Dena da erlatiboa, jakina, erlatibitatea bera ere. Baina masa eta energia uztartuz joan behar denez aurrekontuak dira hor jomugan. Zorabioa dugula diote pulpitutik, bertigoa edo. Eurak trapezista bailiran! Bada ez, “0 km” da apustua, bertatik bertarako Errepublika! Euskal, hortaz! Zorabio osasuntsuak. Ikimilikiliklik!